GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Amets Martinez, Ane Zelaia, Amaia Oianguren Gasteizko Herrira

Euskal Herria-Sahara, bizi osoko espetxe zigorrik ez!

Urtarrilaren 23a, beste zorigaiztoko fax bat. Andoni Cabello arabarrari, 197/2006 doktrina aplikatzen diote, 2013ko martxoa gorriz markatutako hilabetea izango zen zeldako egutegian. Hilabete horretan berreskuratu behar baitzuen askatasuna, zure askatasun data, 22 urteko espetxealdian presente daukazun mugarria. Hilabete horretako azken ostirala prestatzen ari ginen Gasteizen, saharar presoen egoera ezagutzera emateko eta, hain zuzen, saharar patatero bat ere badelako Gdeim Izikeko epaiketa horretan, Abdalai. Gasteizko beste preso politiko bat beraz, Herriratik berari eta gurean bizi den bere sendiari elkartasuna helarazteko erantzukizuna genuela uste genuen.

Otsaila hastear, doktrina beste bi euskal herritarri aplikatzen zaie. 73 dira jada espetxean jarraitzen duten euskal herritarrak kondena betea duten arren. Martxoaren 20ko data dugu guztiok buruan, Estrasburgoko sala handi hori behar beste handi izango ote da... Behar beste adore izango du, giza eskubideen defentsari eusteko estatu baten mendeku nahiaren aurrean? Guk guztiok, kalean behar beste eragiteko prestutasuna izango al dugu?

Otsailaren 17a, Gasteizko Alde Zaharrean gora goaz; Ailandek, gasteiztar gazte batek, askatasuna berreskuratu baitu eta lagunarteko harrera epela prestatu diote, lunch eta guzti. Baina ongietorria egitera, 40 bat kaputxadun beltz agertu dira, inork espero ez zituenean, xanpaina eta besarkadak prest genituenean. Kalean egotea debekatzen digute, luncha ere debekatua dagoela...

Aaiunen ere irtetear dauden presoen etxeak setiatzen dituzte, emakume eta gazteak jipoitzen dituzte. Edozein elkartasun keinu egiteko adorea duen edonork jipoitua edo atxilotua izateko aukera asko izango ditu. Eta halere, ezin isil ditzakete emakume sahararren yuyuak, ezta euskaldunon irrintziak.

Ailanderen harreratik bueltan ematen digute berria. Gdeim Izikeko preso politikoen epaiak zur eta lur uzten gaitu. 24 dira orotara epaituak izan diren sahararrak; horietatik bederatziri bizi osoko zigorra ezarri zaie. Beste lauri 30 urteko espetxe zigorra, beste hamarri 20 eta 25 urte artekoak... Gure bizilaguna, Abdalai, bederatzi horietakoa da. Bizi osorako espetxe zigorra.

Bere senideak datozkigu burura, azken ostiral horretako Hassanaren hitzak, marokoar espetxeetako torturak, dispertsioa, deserria... Giza eskubideak datozkigu burura, Europa, Estrasburgo, NBE, ikuskatzaileak... Zenbat txosten, informe, azterketa, helegite behar dira gizagabekeria gelditzeko?

Andoni datorkigu burura, Ines, Hassana, Txoritxu, Abdalai.... Joko dugu Estrasburgora, Bruselara, munduari buelta emango diogu beharrezkoa bada, joko ditugu mila ate eta behar beste bulego, baina batez ere jakin Aaiun edo Gasteizko kaleetan yuyu eta irrintziek ez dutela etenik izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo