GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Alpinismoa | Karakorum

Alex Txikonek, neguko deiari eutsiz, Laila Peaken lehen igoera lortu du

Jose Manuel Fernandezekin batera, lemoarrak Karakorumeko seimilako horren tontorra zapaldu du. Joan den otsailaren 18an egin zuen, eta, helburua erdiesteko, bi saio behar izan zituzten. Protagonistek aitortu dutenez, gailurra jo zuten eguna gogorra izan zen oso.

p048_f01_235x170.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Inolako zalantzarik gabe aitor daiteke Alex Txikon mendi garaienak neguan igotzeko deiak erabat harrapatuta dagoela. Duela pare bat urte, Gasherbrum 1 zortzimilakoan jardun zuenetik, sarean erori da. Harrapatuta geratu zen zortzimilakoak eskaini zionarekin.

Espedizio horretatik, nolabait esateagatik, esku hutsik itzuli zen. Asmo handia zuten: Karakorumeko erraldoi hori lehen aldiz neguan igotzea. Eta, gainera, hegoaldeko aurpegitik bide berria zabalduz. Esku hutsik itzuli zela adierazi dugu, besteak beste,ez zelako tontorrera iritsi. Baina, esan dugun bezala, hango neguak beste motibazio bat piztu zion.

Horri lotuta, iazko neguan berriz G-1 mendira joan zen, eta esku hutsik egin zuen berriz etxerako bidea. Kolpe handi bat jasota gainera; izan ere, espediziokide batzuk gailurraren egunean desagertu ziren. Lagunak han geratu, eta, gainera, oinetan hainbat izozte izan zituen.

Hori guztia kontuan hartuta, bazirudien Txikonek nolabaiteko atsedena hartuko zuela. Ez da hala izan, ordea. Ramon Portillaren proposamen bat jaso eta Karakorumera berriro itzuli da. Xedea: Laila Peak (6.096 m).

Bi mila metro gutxiago duen mendi batera Sebastian Alvaro, Juanjo San Sebastian, Jose Manuel Fernandez eta Portilla berarekin joan da. Eta, gainera, helburua bete dute: izan ere, otsailaren 18an, Fernandezek eta Txikonek Lailaren hirugarren igoera eta neguko lehena sinatu zuten.

Duela astebete itzuli zen lemoarra etxera, eta harekin hitz bi egiteko aukera izan dugu. Lehenik eta behin, oinak zer moduz dituen galdetu diogu: «Dakizunez, G-1eko iazko espediziotik oinak ukituta ekarri nituen. Hotzarekin ez dut arazorik izan, baina une honetan oinak gogorrak ditut. Oro har, ez dut ezer berezirik sentitu, baina jaitsieran pixka bat larritu nintzen; besteak beste, lokartu egiten zitzaizkidalako. Min pixka bat badut».

Aipatu dugun bezala, pare bat aste pasa dira xedea erdietsi zutenetik. Bi saio behar izan zituzten horretarako. Lehenbizikoan gailurretik 76 metrora geratu ziren. Portillak, San Sebastianek, Fernandezek eta Txikonek 6.020 metrora itzultzea erabaki zuten. Garaiera horretan zeudela atzera egitea erabaki zuten, besteak beste, gaua gainean zutelako. Jakin bazekiten, tontorra eskura zutela, baina arrisku handiko jaitsiera zuten aurrean. Bigarren kanpalekuan gaua pasa, eta biharamunean nagusira jaitsi ziren.

Txikonek adierazi digunez, bai buruari bai sasoiari dagokionez egun gogorra izan zen: «Lan eskerga egin genuen, eskalada zaila izan genuelako eta muturreko tenperatura egin zigulako; zero azpitik 35 gradura iritsi ginen. Uste baino mantsoago igo genuen, ez baikenuen espero mendi horrek zailtasun hain garrantzitsuak zituenik. Uste dut saio horretan ni erratu nintzela. Azken bi luzeak izotzezko 70°ko aldatsak ziren. Oso konplikatua zen. Konpromiso handiko mendia da. Kanpaleku nagusitik irten bezain pronto, kanal bati egin behar zaio aurre. Badirudi Alpeetan zaudela. Lehen kanpalekutik gora 40°-45°ko maldak daude, eta ez ginen sokara lotu. Ondoren, jaitsiera txikiak eta zeharkaldi batzuk; guztiak ala guztiak arrisku handia zutenak. Lepora iristeko elur sakonean urratsa zabaldu behar izan genuen. 60°ko zeharkaldi batean, adibidez, plaka bat apurtu genuen. Ez zen ezer pasa. Beldur handia pasa genuen, elurretan bularreraino sartzen ginelako. Dorrea ere gogorra eta teknikoa da».

Bigarren saioan

Atseden pixka bat hartu ondoren, bigarren saio bat egin ala ez erabaki behar zuten. Laukote horretatik, Portillak kanpaleku nagusian geratzea erabaki zuen izozte puntu batzuk zituelako. San Sebastianek ere, belaun batean zuen arazoa tarteko, ez zuen bigarren saio baten alde egin. Bai, ordea, Fernandezek eta Txikonek.

Otsailen 17an bigarren kanpalekura (5.600 m) heldu ziren. Biharamunean, goizeko sei eta erdietan abiatu ziren. Aurrez aurre oso baldintza gogorrak zituzten: zero azpiko 35 gradu eta 60 kilometro orduko haizetea. Ia gailurrerainoko bidea ezagutzen zuten, baina hura zapaltzea kosta egin zitzaien. Hango arratsaldeko lauretan gailurra jo zuten. Tira, oso metro gutxira geratu ziren, erlaitz arriskutsu bat aurrean zutelako. Guztira bederatzi ordu eta erdiko ahalegina egin zuten tontorra erdiesteko eta aurretik zuten ia 500 metroko desnibela gainditzeko.

Esan dugun bezala, baldintza gogorrei egin behar izan zieten aurre. Baina ez dugu ahaztu behar ere, sokada horrek hamabi luze egin zituela bigarren kanpalekuaren eta tontorraren arteko tarte horretan.

Fernandez eta Txikonek jakin bazekiten gailurrera berandu iritsi zirela, eta jaitsieran, batez ere argitasun faltagatik, komeriak izango zituztela: «Larritu egin ginen, baina, dugun eskarmentuari esker, maniobrak ondo egin genituen. Igotzen ari ginela, luzeak segurtatzeko abalakovak egin genituen; eta, horrela bada, rappelak prest genituen. Gainera, hauek guztiak gorri koloreko banbu batzuekin markatu genituen. 80 metroko soka genuen, eta uste dut jaitsiera osoa nahiko kontrolatua eraman genuela. Kontuan hartu behar da ere, arratsaldeko bost eta erdietatik aurrera apenas argitasunik zela. 20:30ean bigarren kanpalekuan ginen. Oro har, zailtasun teknikoez gain, konpromiso handiko mendi bat igo dugu. Ikuspegi guztietatik begiratuta, oso-oso gogorra izan da. Horregatik, harro gaude egin dugun lanarekin».

lehena

Jose Manuel Fernandezek eta Alex Txikonek Laila Peaken (6.096 m) neguko lehen igoera sinatu dute. Joan den otsailaren 18an egin zuten lorpena

teknikoa

Alpinistek bigarren kanpalekutik gailurrera hamabi luze egin zituzten. Oro har, konpromiso handiko tarteak gainditu zituzten

gogorra

Txikonek dio gailurra jo zuten eguna oso latza izan zela; 500 metroko desnibela gainditzeko bederatzi ordu eta erdi behar izan zituzten

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo