GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Isabela Sousa, Ben Player eta Sacha Specker irabazle Pipelinen munduko bodyboard itzuliko lehen proban

p052_f02.jpg

Haritz LARRAÑAGA | HAWAII

Ostiral gauean amaitu zen IBA Pipe Challenge, lehen mailako itzuliko lehen txapelketa. Ostegunean olatu ederrak izan ziren eta lehiakideek tubo itzelak egin ahal izan zituzten Pipelinen, munduko tubo famatuenak sortzen dituen urautsietako batean, hain zuzen ere.

Finalean, ordea, itsasoak apur bat behera egin zuen, olatuek hiru metroko altuera zuten eta ondorioz lehiakideek bestelako ariketak egiteari ekin zioten.

Drop-knee kategorian (belauniko) Sacha Specker hegoafrikarra lortu zuen garaipena.

Mutilen kasuan, Ben Player-ek, bi aldiz munduko txapeldun (2005 eta 2007) izandakoak, ez du orain artean Pipelinen irabaztea lortu; beraz, irabazteko ahalegin bikoitza egin zuen eta lortu zuen hainbeste desio zuen garaipena.

Bigarren postua Jeff Hubbard hawaiiarrak eskuratu zuen, iazko itzuliko txapeldunak alegia. Lehiakide honek lau bider irabazia du Pipelineko txapelketa hau, 2002, 2006, 2011 eta 2012an; beraz, lehiakide honi irabaztea ere ez zen batere erraza izan.

Nesken kategoriari dagokionez, alde handiaz irabazi zuen Isabella Soussa brasildarrak. Minami Hatekayama, Karla Costa Taylor eta Saro Ohhara lehiakideak garaitu zituen iazko munduko txapeldunak.

Orain bi urte, Soussa, Eunate Aguirre sopelarrarekin borrokan aritu zen titulua lortzeko, baina orduko hartan Aguirrek eskuratu zuen munduko txapela. 2010. urtean ere brasildarra izan zen munduko txapeldun; hortaz, bi bider munduko txapeldunak ezin hobeto hasi du aurtengo sasoia.

Alex Uranga eta Eunate Aguirre euskaldunak Pipelinen izan ziren, baina ez batak ez besteak ez zuen zorte handirik izan. Eunate lehen txandan kanporatua izan zen eta Alexek ere zailtasunak izan zituen txandak pasatzeko. Hala ere, oraindik hasi baino ez da egin munduko zirkuitua, eta, gauzak horrela, emaitza onak pilatzen hasteko garaiz daude bi euskaldunak.

Nesken kasuan sei dira munduko lehen mailako (Grand Slam Series) itzulia osatzen duten txapelketak. Hurrengoa Txilen izango da, maiatzaren 28 eta ekainaren 2 artean.

Mutiletan, berriz, bederatzi txapelketako zirkuitua izango da aurtengoa, eta hurrengo geldialdia Australian izango da, apirilaren 18 eta 28 artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo