GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Buruz Buruko finala

Waltarik seigarrena irabazi du

Amerikarrak lan asko eta ona egin behar izan zuen Paxkal Ezkurra mendean hartzeko, izan ere Urruñakoa bikain aritu zen.

p044_f01_148x115.jpg

WALTARI 40

EZKURRA 33

 

Jon LEUNDA

Agusti Waltarik irabazi zuen atzo Buruz Buruko Txapelketa. Kubakoarentzat seigarrena da, eta denak erreskadan etorri dira, bata bestearen atzetik irabazi baititu amerikarrak.

Hala ere, Paxkal Ezkurrak lan bikaina egin zuen, eta ongi estutu zuen pilotari kubatarra. Ezkurra markagailuan aurretik hasi zen, gainera, 0-6 aitzineratu baitzen. Urruñakoak bikain eman zion finalari hasiera. Jokoan oso ongi zebilen, Waltari atzean jarriz, eta huts egitera behartuz. Horrela aldetxoa lortu zuen, eta finala uste baino estuagoa izango zela ere pentsatzen hasi ziren zaleak.

Waltari, ordea, ez zegoen gauzak zeudenean uzteko, eta lanari ekin zion. Sakea eskuratu zuen, eta horrela zaila da berari min egitea, lehen jokaldian pilotari sekulako abiada ematen baitio, eta errestoan bere pilotak onera eramatea oso zaila egiten da. Gauzak horrela, 8-2ko partziala lortu zuen, eta partida 8-8 berdintzea.

Amerikarrak zailena egin zuen, eta bazirudien hortik aurrera gauzak azkar joango zirela, baina pasa den astean egin zuen bezalaxe, Ezkurrak argi eta garbi utzi zuen bere bolada txarra amaitu dela, eta berriro ere bere mailarik onena eman eta Kubakoa estutzeko prest dagoela, eta horixe egin zuen atzo.

Ondorengo tantoetan eutsi egin zion, baina gero aldea lortzen hasi zen azken urte hauetako txapelduna. 11-5eko partziala lortu zuen, eta markagailuan 21-15ekoa jartzea. Waltari tartean baldin bada, eta aldetxoa lortzen duenean, gauzak oso azkar joango direla pentsatzen da askotan, baina atzoko finalean ez zen horrela izan.

Lapurtarra sasoi onean dago eta eutsi egiten zion aurkariari, ihes egin gabe, nahiz eta onartu behar da egoera horretan Waltari bera ere eroso zegoela, sei edo zazpi kintzeko aldea zeukan beti, eta horri eustea nahikoa zuen garaipena lortzeko.

Jokoan, Ezkurra erregularrago ibili zen, baina Waltari horrelakoa da. Denetik egiten du, gauzarik onenak eta ikusgarrienak, baina hutsak ere bai. Azkenean, ordea, aldeari eutsi eta seigarren urtez jarraian txapela jantzi zuen amerikarrak.

Waltarik bere partida egin zuen. Saketik min handia egiten du, eta atzo ere horrelaxe egin zuen, 12 kintze egin baitzituen, baina lau falta ere egin zituen, eta hori aurkariari opari asko, gehiegi egitea da.

Ezkurrak ezin izan zion amaierara arte eutsi, baina lan bikaina egin zuen, eta horren guztiaren gainetik bere maila nabarmendu da. Berezkoetan zegoen pilotaririk onena izango zen Waltarirekin batera, baina azken bi urte hauetan izan dituen arazoek bere mailarik onena eman ezinik utzi dute. Orain ikusi da, ordea, berriro ere lehengoa dela, eta hori da onena.

«Aitonarentzat»

Agusti Waltari pozez txoratzen zegoen atzoko finalaren ostean, nahiz eta seigarren txapela jantzi zuen. «Txapel honek sekulako poza eman dit. Oso gustura nago, nahiz eta seigarrena izan. Astean zehar esan dudan bezalaxe, ez dut begiratzen zenbatgarrena den, niretzat lehenengoak duen bezainbesteko garrantzia dauka», adierazi zuen.

Zeini eskainia ere bazeukan amerikarrak: «Iaz nire aitona hil zen, eta oso gaizki pasatu nuen. Aurtengo txapela berari eskaini nahi nion, eta horrek indar berezia ematen zidan. Aurtengo garaipena beretzat da».

Partidari buruz, berriz, zera esan zuen: «Uste dut ongi ibili naizela, baina Ezkurrak ere lan ona egin du. Hala ere, irabaztea zen helburua eta hori lortu dut».

Galdu arren, Paxkal Ezkurra ere ez zegoen haserre: «Etortzerako banekien irabaztea zaila izango zela, eta ez dut irabazi, baina egindako lanarekin oso gustura geratu naiz. Banekien ezin nintzela bere jokoan erori, nik neure lana egin behar nuela, pazientzia handiarekin, eta horixe egin dut», aitortu zuen Urruñako atzelariak atzoko finala amaitu ostean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo