GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

GONDOLA (SUP)

Bigarren aldiz, urrezko domina Australiarentzat

p052_f02_97x100.jpg

 

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Pasa den astean Perun egin zen Munduko Gondola eta Arraun Txapelketa Australiako taldeak irabazi zuen, alde handiz gainera, irabazteko zeuden hamabi dominetatik bederatzi australiarrek eskuratu baitzituzten.

ISA (International Surfing Association) erakundeak modalitate desberdinetako zortzi txapelketa antolatzen ditu urtean zehar. Urtarrilean eman zioten aurtengo urte sasoiari hasiera, Txinan, Hainan uhartean egin zuten surf txapelketarekin. Orduko hartan Australia izan zen garailea, bai herrialdekako lehian, bai bakarkakoan ere.
Oraingo honetan Perun bildu dira mundu osoko herrialde desberdinetako ordezkariak, berriz ere surfa ez den beste modalitate batzuetan lehiatzeko. Batetik, gondola zaleak zeuden, eta, bestetik, arraunlariak.

Gondola zaleek, arraun baten laguntzaz, taula handi baten gainean zutik olatuak hartzen dituzte. Modalitate hau SUP (Stand Up Padle) izenarekin ezaguna da. Arraunlariak, berriz, taula lodi eta luze batzuekin itsasoratu eta belauniko aritzen dira olatuak hartzen. Herrialde batzuetan taula hauek sorosleek erabiltzen dituzte eta prestigio handiko kirola da. Gurean, berriz, Iparraldeko hondartzetan oso hedatua dagoen modalitatea da.
ISA erakundean mundu osoko 73 herrialde daude. Berriki, Danimarka gehitu da parte hartzaileen zerrendara, eta, azken txapelketa honetan, alegia, parte hartu ahal izan duten lehen txapelketan, hamabigarren postua eskuratu dute danimarkarrek.

Dudarik gabe, txapelketa honetako izarra Danimarkako taldekide bat izan zen, Casper Steinfath. Danimarkarrak Gondola (SUP) lasterketa irabazi zuen; beraz, Danimarkako taldeak urrezko domina bat irabazi zuen bere lehen txapelketan.

Horrez gain, Steinfathek beste postu garrantzitsu bat lortu zuen, proba gogorrenean gainera. Gondolarekin distantzia luzeko txapelketan bigarren postua eskuratu zuen Steinfathek, Jamie Mitchel australiarraren atzetik (ondoko argazkian lurrean dagoen kirolaria).

Australiak irabazi ez zituen beste bi dominak ere garrantzitsuak ziren. Nesken SUP Surfing kategorian, Nicole Pacelli brasildarrak irabazi zuen, eta, haren atzetik, berriz, Shakira Westdrop australiarra geratu zen. Brontzea Iballa Ruano espainiarrarentzat izan zen, eta, kobrea, Caroline Angibaud frantsesarentzat.

Mutilen kasuan, Sean Poynter estatubatuarra izan zen garaile, eta zilarra Tamil Martino perutarrarentzat izan zen. Brontzea Antoine Delperok eskuratu zuen, eta, kobrea, berriz, Beau Nixon australiarrak.

Herrialdeka, azken emaitza honakoa izan zen: Australiak urrea irabazi zuen, Hegoafrikak zilarra, Frantziak brontzea eta Brasilek kobrea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo