GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Gainera, martxoaren 8an

Politikarien lotsa ezak ez dakit noraino heldu behar ote duen. Neska bati entzun nion aurrekoan lagunei esaten: «Ez dut ulertzen nolatan ez dagoen jende gehiago eskopeta eskuan zenbait politikariri tiroka». Ulertu nuen esan nahi zuena, egia esan, ni ere harritu egiten naiz eta. Milaka eta milaka herritar sufritzen ari den bitartean, eszena politikoan ikusten ari garenak ez dauka izenik. Goragalea, agian. Ez zait beste berbarik bururatzen, adibidez, Alderdi Sozialistaren eskutik ikusitako azkena -Leonen, oraingoan- izendatzeko. Haur bati ere konta lekioke: «Bazen behin alkate bat -gizonezkoa- bere lankide baten -emakumezkoa- bizitza infernu bilakatu zuena, sexualki jazarriz eta umiliatuz. Neska ausartak azkenean salatu egin zuen eta alkatea kondenatu egin zuten. Alkatea PPkoa zen eta, jakina, eskandalu haren ostean, politika utzi behar izan zuen, baina urte batzuk beranduago itzuli zen, alderdi independente baten buruzagi. Hamar-hamaika urte beranduago, beste alderdi nagusiak, PSOEk, jazarlearen botoa baliatu du gobernatzen ari zenari, PPri, hain zuzen, boterea kendu eta alkatetza eskuratzeko. Izan ere, PSOEk eta jazarleak akordioa zuten: behin botoa emanda, azken horrek bere kargua utzi eta alde egingo zuen. Horrela, denak egongo ziren gustura: alkate ohiak bere alderdi ohiaren mendeku hartuko zuen eta oposizioan zegoen alderdia boterea izatera igaroko zen». Haur batek ere ulertuko luke kiratsa dariola kontuari.

Are gehiago, horren guztiaren eszenifikazioa martxoaren 8an gauzatuta. Erakundeek adierazpen instituzionalak egiten dituzte egun horretan; emakumeekiko errespetuaz, aukera eta eskubide berdintasunaz, indarkeriaren gaitzespenaz eta abarrez hitz egiten dute, borroka hori emakumeona ez ezik, jendarte osoarena ere badela aditzera emateko. Egun horretan tokatzen dena da. Aurten, PSOEk ederki erakutsi du, hitzen bitartez barik ekintzekin, emakume langile baten bizitza txikitu zuen kondenaturiko jazarle sexual baten botoak berdin-berdin balio duela kontua boterea erdiestea denean; gero etorri dira adierazpenak, eragindako iskanbilari aurre egitera behartuta, Rubalcabarenak eta abarrenak, onartezina dela esateko, atzera egin eta bozketa jazarlea bertan izan barik errepikatzera behartzeko; aginte-makila lortu berri duen alkateak ezetz esan eta bertan geratzeko asmo osoa adierazi du, kontuak aparteko larritasunik izango ez balu bezala; PPk aukera paregabea baliatu du sozialisten hipokresia nabarmenduz haien kontra egiteko eta bere burua laudoriatzeko... zirku negargarria herritarrok ikusten ari garena.

Ziur nago botere eta azpijoko saltsa hori antolatu dutenei boterera heltzeko baliatu duten pertsona horren giza kalitatea ezer gutxi inporta zaiela, eta ziur nago ez dutela irakurri bere garaian Juan Jose Millasek sexu-jazarpen kasu haren inguruan idatzi zuen liburua, «Hay algo que no es como me dicen», baina egin beharko lukete, besteak beste, mugarriak zer diren eta horiek ezartzea zenbat malko eta izerdi kostatzen den ikasteko. Batik bat, egin duten kaka hutsaren larritasunaz jabetzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo