GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gobernu berriak ez du Israelen politika berrituko

Koalizio gobernu berria adostu dute Israelen. Horren buruak kargua hartu eta bi egunera bisita egingo dio Obamak. Iragan hauteskundeek eta gobernua eratzeko prozesuak berak ahuldutako Netanyahu bat aurkituko du. Oso oinarri sozial ezberdinak dituzten sozioak hautatuta, sekularra eta zentrista den Yesh Atid alderdia eta Zisjordaniako kolonoen alderdi ultranazionalista, oreka zail batean kateatua ageri den Gobernuaren buru. Posible da etxe barruko aferetan aldaketak izatea -pluralismo erlijiosoaren alorrean adibidez-, baina hamarkadetan paralizatua eta hilzorian balantzaka dagoen bake prozesuak aurrera egiteak ez dirudi gauzagarri. Ultraortodoxoak alboratuta, Yair Lapid telebistako aurkezle ohiak zuzendutako alderdiak laiko eta erlijiosoen arteko tartearen, tratu ezberdinaren amaieraren promesa egin zuen. Kolonoek ez dute lur eta ur ttantta bakarra palestinarrena denik uste eta kontzesioak egitea bazter daiteke.

Hortaz, ikuskizun dago Gobernu berriak luze iraungo duen eta taxuzkoa den aldaketarik egiteko gai izango den. Bi parametro hauen arabera, mugituko da eta biak alderantziz proportzionalak izango dira. Zenbat eta gehiago iraun, orduan eta gutxiago aldatuko da betiko politika; aldaketa politiko serioa egiteko saiorik balego, are azkarrago ezagutuko du Gobernuak bere akabera. Taktizismoaren ironiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo