GARA > Idatzia > Mundua

Tornado batek 21 hildako utzi ditu Bangladeshen

Muturreko fenomeno meteorologikoek tragedia ugari eragiten dituzte. Horixe gertatu da beste behin Bangladeshen, tornado bortitz batek gutxienez 21 hildako eta 300 zauritu eragin baititu, eta agintariek uste dute kopuru horiek oraindik gora egin dezaketela.

GARA |

Ostiral ilunabarrean hasi zen Bangladesheko ekialdean dagoen Brahmanbaria barrutia suntsitu duen tornadoa. Atzo bertako hedabideek eskaini zituzten datuen arabera, Sadar, Bijoynagar eta Akhaura eskualdeak izan ziren kaltetuenak.

«BDNews24» webguneak eta BSS berri agentzia publikoak jakinarazi dute hildako gehienak zuhaitzen erorketek eragin dituztela. Beste batzuk eraikinak eta hormak erortzean hil ziren, eta bakarren bat, elektrokutatuta. Horrela esan dute Poliziak eta erreskate taldeek. Gainera, gutxienez 500 etxebizitza kaltetu ditu haize-erauntsi bortitz eta trumoitsuak.

Sheikh Hasina Bangladesheko lehen ministroak, tragediak berari eragindako atsekabe handia adierazi ondoren, hondakinen artean harrapatuta geratu diren herritar guztiak salbatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko dituztela agindu zuen.

Shahinur Rahman Hondamendien Tratamendurako Ministerioko eledunak jakinarazi zien kazetariei hildakoen familiek 255 dolar jasoko dituztela. Zaurituen kasuan, familia bakoitzak 38 dolar eta 30 kilo arroz jasoko ditu. Gainera, Rahmanek esan zuen tornadoak etxea kaltetu dieten herritarrei 38 dolar emango dizkietela.

Espetxea, kaltetuta

Herrialdeko azpiegiturak ere kaltetu ditu fenomenoak. Trenbideek, argindar zutoinek eta ehunka ibilgailuk haize-erauntsiaren erasoa jasan behar izan zuten. Baita Brahmanbaria hiriko espetxeak ere: preso guztiak beren ziegatan geratu ziren eta ez zuten kalte handirik jasan behar izan, baina tornadoaren eraginez eroritako hondakinek funtzionario bat hil zuten.

Mahmud Mozumder Brahmanbaria barrutiko funtzionarioak adierazi du abiadura handiko haizeak, eraikinak, zuhaitzak eta argindar zutoinak kaltetzeaz gain, nekazariei ere kalte handiak eragin dizkiela. Gainera, hamabost minutu inguruko iraupena izan zuen muturreko fenomeno meteorologikoak txingorra ere bota zuen. Bertako bizilagunen esanetan, une batzuetan oilo arrautzen tamainakoa izan zen harria.

Hego-ekialdean dagoen Chittagong hiriko kaitik ipar-mendebaldean dagoen Sylhet hirira doan trenbidean atzo ez zebilen trenik, dozenaka zuhaitz baitaude errailetara erorita.

Leku batzuetan errepidean autoarekin ibiltzea ere ezinezkoa zen, arazo berberarengatik, eta ez telefonorik ez Internet zerbitzurik ez zuten herritarrek. Udako montzoiak iritsi aurretik ohikoak dira tankerako tornadoak eta ekaitzak. 1991tik 2010era, muturreko fenomenoek gehien kaltetutako herrialdea da Bangladesh, adituen arabera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo