GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Barrenak hustuta, zazpigarrenez Xabier Silveira txapeldun

Xabier Silveirak eskuratu du Nafarroako txapela. Zazpigarrena du, baina baziren urte batzuk seigarrenetik, 2009an jantzi baitzuen azkena. Julio Soto bigarren sailkatu zen atzo Iruñean jokatutako finalean eta Erika Lagoma eta Eneko Fernandezekin batera, Txapelketa Nagusirako txartela eskuratu dute laurek.

p010_f02_149x109.jpg

Ane ARRUTI

Luze egin zen itxaronaldia. Bi lehenengoen artean hogei puntuko tartea baino txikiagoa bazen, buruz burukoak erabakiko zuen txapela eta Xabier Silveira kiniela denetan sartzen bazen ere, ez zegoen hain garbi bigarrenari horrenbesteko aldea aterako ote zion. Eta ez zen beharrik izan, hogei puntu, ez gehiago, ez gutxiago, Silveirak, 588 punturekin txapela Lesakara eraman zuen, sarri jantzi izan duen Bittor Elizagoienek jantzi zion gainera.

Haren ondotik sailkatu zen Julio Soto, azken bi txapelketetako txapelduna, 568 punturekin. Hirugarren postua Erika Lagomak eskuratu zuen, urte batzuetan txapelketetan atsedena hartu ondoren, indarberrituta, saio ederra josiz. Eneko Fernandezek ere baditu motiboak pozik egoteko, iazko taldekakoan animatu zen txapelketara eta bakarkakoan, bere lehenengo finalean, laugarren postua eskuratu zuen atzo. Lau bertsolari hauek izango dira udazkenean hasiko den Txapelketa Nagusian. Gutxigatik gelditu zen kanpoan Eneko Lazkoz, 539,5 punturekin, eta ondotik geratu ziren Jon Barberena (526), Oskar Estanga (506,5) eta Aimar Karrika (480,5).

Kartzelakoan jo zuen goia Silveirak. Gordin, ahoan bilorik gabe, gustukoen duen moduan. «Seinalea jaso duzu, orain ez dago atzera bueltarik», izan zuten hiru bertso osatzeko gaia. «Egin edo ez dudan jartzeak ez dit mesede egingo/ hau da unea eta buruan eman behar diot tiro», bukatu zuen lehenengoa, duela bi urte bezala doinu berri batekin kantatuz. Bigarrenean, horrela jarraitu zuen: «Ez da errexa izango gero karga hau eramatea/ ezta ere noski hogei urteko kartzel zigorra jatea/ argi izpi bat nahi duenaren haren zigorra da itzalpea/ ta mesedetzat hartzen dudan hau bihur liteke kaltea/ ordea herri maitea/ inperioen hankapea/ tiro bat aski ez bada berdin zait bospasei ematea/gerra delako bide bakarra nahi dugunontzat pakea». Eta azkenengoa «askatasunik nahiz ta ez lortu honi bost tiro emanez/ balio beza beste inor hil ez dezagun gutxienez» esanez amaitu zuen.

Kartzelaz gain, seiko motzean Eneko Fernandezekin egindako ofizioa ere ederra izan zen. Bi lesakarrak bikotean, terapia batera joanak ziren. Silveira, sexu jarduna itzaltzen ari zelakoan, Fernandez, dagoenarekin gustura. Hirugarrenarekin biribildu zuen ariketa: «Lehen ginen dena maitemin/ gaur berriz nahi eta ezin/ jada etzara tigre bihurtzen leopardo tangekin/ ez hasi aitzakiekin/ zerbait behar dugu egin/ sexua hiltzen bada guztia hiltzen da berekin».

Aipatzekoa izan zen Fernandezek finalean egindako lana ere. Lehenengo aldian laugarren postua eskuratuz. Kartzelan egin zuen lanak txalotan lehertu zuen Anaitasuna. «Jendean ezin egona nahi nioke erakutsi/ gaur sortu zaidan aukera ezin nun pasatzen utzi», esanez irekita utzi zuen gaia lehenengo bertsoan. Bigarrengoan jakin genuen Yolanda Barcinari kantuan ari zela eta polizia autora zeramatela bukatu zuen: «Baina foru polizien kotxeruntza nakartela/ irribarreka hasi naiz ta sentitu naiz horrela/ aurpegira tarta handi bat bota banio bezela».

Julio Sotok, hirugarren txapelaren bila egin zuen hasieratik eta saio txukuna eginagatik ere, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Zortziko txikian, Eneko Lazkozekin parrandan ibili ondoren, ipurdian tatuaje bana zutela esnatu ziren. «Larunbat arratsa da guretzat astelehen/ atzo edan genuen ta edan mekauen/ beraz tatuaje bat omen daukat hemen/ esango al didazu ze ipintzen duen», galdegin zion gorritiarrak. «Ipurdi masail hortan a ze presentzia/ nahiz eta igual ez den azken tendentzia/nerearekin horrek ze diferentzia/ ikurrina batean independentzia».

Lagomaren itzulera

Lagoma ofizioetan ederki moldatu zen. Sotorekin seiko motzean alkohol arazoekin gora eta behera aritu zen. «Zuk segi ahaleginean/ ahal dela ura mingainean/ etzaitezela erori nire harri berdinean», esan zion Sotok. «Puntarikan zorrotzena/ da ardo botilarena/ eta egunak erauzia dit barruko kemena/ ematen didazu pena/ hustu dut botila dena/ Julio bakarrik edatea da gauza tristeena», erantzun zion.

Egindakoarekin nahikoa garbi utzi bazuen ere, azken agurrean «soilik emakume bat dakusate batzuk/ Erika izateko eskubidea dut/ zuen txalo guztiak disfrutatu ditut», esanez aldarrikatu zuen bere papera.

Jon Barberenak kartzelakoan txirrindulariaren larrutik kantatu zuen: «Ez nuen aski nibela/ beti izan naiz fidela/ hori nuen erregela/ ta hau da egoera txepela/ bizikletakin lortu nahi nuen mailot horia txapela/ bertzeen alde bideratu da zortea edo kiniela/ suspertu nahi dut nere ibilera antzua eta motela/ EPO pixka bat hartzekoa naiz momentu batean bela/ ta medikuak hala erran dit den-dena prest dagoela».

Oskar Estanga, berriz, zortziko handian ederki aritu zen, gaixotasun ezezagun batekin, txertoa hartzeko zalantzatan. «Arraro samar izate horrek utzi ohi gaitu txokoan/ gaixo gaude bai baina aukeran pentsatuaz gerokoan/ esperimentu hau probatzea aukeran dugu gaurkoan/ baina beldurra sentitzen dut nik bizitza dago jokoan».

Aimar Karrikak nerbioak domatzen nahikoa lan izan zuen, baina kartzelako polita josiz kendu zuen saioko arantza. «Neska eder bat badago barran horrela nor ez astora/ begi klixka bat keinu egin dit lasai ondo da ondo da/ nere lan dena anaiai utziz banoa bere ondora», kantatu zuen lehenengoan.

Sailkapena

1 Xabier Silveira 588

2 Julio Soto 568

3 Erika Lagoma 558

4 Eneko Fernandez 541,5

5 Eneko Lazkoz 539,5

6 Jon Barberena 526

7 Oskar Estanga 506,5

8 Aimar Karrika 480,5

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo