GARA > Idatzia > Euskal Herria

Urdaiazpikoaren usainak eta koloreak Baionan lekutu dira

Euria izan zuen lagun Baionako Xingar Feriaren atzoko lehen egunak. Aldudeko Marcel Uhalde ekoizleak irabazitako urteko urdaiazpiko hoberenaren lehiaketarekin, atzoko hitzordu nagusia eguerdi irian izan zuten Baionako herritarrek feriarekin. Ohiturei eutsiz, eguerdiko bazkalordua izaten da preziatuena xingar ogitarteko goxo bat arno sorta batekin dastatzeko.

p016_f01_99125.jpg

Ainize BUTRON

Xingar usainak eta koloreak lekutu ziren atzo, lau egunerako, Baionako merkatu estalian. Lapurdi eta Nafarroa Beheretik hurbilduriko harakinen mahaiek, goizean goizetik, jaki preziatua dastatzeko gomita luzatzen zieten bertaratzen zirenei. Eta, nola ez! gozamena laguntzeko arno sorta ere bazuten.

Feriaren agerpenarekin batera, tradizioan murgiltzeko garaia iritsi ohi da ere, eta ezin daiteke feria abiatu urteko Baionako xingarra labelpean dagoen urdaiazpiko onena sariztatu gabe. Bertan zeuden esatariek adierazi zuten bezala, «euts diezaiogun feriako antzinako ohiturari».

550. urteurrena ospatzen dela jakinik, nehor ez zen ausartu esatarien erranak zalantzan jartzen, eta gogotik tente geratu ziren mahaiari so, guztien artean hoberena zein izan zitekeen jakiteko irrikaz. Baionako xingarraren kofradiako bost kideek, urtean behin kaleratzen dituzten gorri eta berde koloreko jantzi dotoreak ipiniak zituzten ekitaldirako.

Goizeko bederatziak ziren, lehiaketara aurkezturiko hogeita bi xingarrak euria zela-eta merkatu estaliko xoko batean jarri zituztelarik, Christian Montauzer, Eric Ospital eta Jean Codega harakin «adituek» osatzen zuten epaimahaiaren aitzinean. Banan-banan, makila eskuan zutela, harakinak xingarrak usaintzen aritu ziren, guztien artean, soilik lau aukeratu nahian. Christian Montauzer harakinak urteko uzta laudatu zuen: «Hasieratik baztertu ditugun hirurak izan ezik, gainerateko xingar guztiak oso onak ziren».

Baina, guztien artean, baten kalitate «handia» nabarmentzen zen, eta hori izan zen aurtengo Xingar Feriako saridun nagusia. Jatorriz Aldudekoa, Marcel Uhalderen hogei kiloko urdaiazpikoaren kalitatea goraipatu zuen Montauzerek, «goi mailako xingarra» dela baieztatuta.

Urdaiazpikoak usaintzen eta begiratzen zebiltzan bitartean, bertan zirenen artean galdera xume bat entzuten zen: «Zer demontre usaintzen dute?»

Hala, harakinari galdera zuzena egin zitzaiolarik zailtasunak izan zituen berak ere erantzuteko: «Halaber goxoa eta indartsua da... jateko gogoa ematen dizuna». Eta, pentsatzekoa zen bezala, hainbeste usaindu ostean, gosea piztu zitzaien hiru harakinei. Bukatu bezain laster ez zuten denborarik galdu, eta zuzenean jatera joan ziren.

Ez zen Marcel Uhaldek sari bat lortzen zuen lehen aldia, baina atzoko sailkapenarekin pozik agertu zen. «Goi mailako» xingar hori nola egin zuen galdetuta, Uhaldek «gazi maila segitu» behar dela erantzun zuen. «Astean bi aldiz begiratu behar da xingarra», zehaztu zuen.

Jaki anitzeko feria

Ehunka urdaiazpiko ageri ziren atzo Baionako merkatu estaliaren ondoan, feriarako jarria izan zen karpan. Eta, behin lehiaketa bukatu ondoren, bazkalordua hurbiltzen zen heinean, usainak erakarririk, xingar zale ugari hurbildu zen bertara.

Xingarrarekin batera, beste hainbat motako jakiak ere salgai ziren bertan. Txerrikien salguneekin batera, ahatekiena, ardi gasnena, eztiarena eta erreximentena eta, azkenik, euskal bixkotx ospetsuarena lekutu ziren.

Atzoko lehen egun euritsua arrakastatsua izan zen beste behin ere harakinentzat. Baina, antolatzaileek, bereziki, asteburuko jendetza goaitatzen dute, herritar askorentzat besta egun preziatua izaten baita feria.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo