GARA > Idatzia > Mundua

Ura, Elikagaiak eta Klima: Krisiak baztertutako krisiak

Iñaki ANTIGUEDAD

Geografia doktorea eta Hidrogeologia katedraduna

Nazioarteko Egunak albiste egin du ura. Baina joana da, gogoetarako motiboak gurekin utzita. Ekonomikoa ei den krisiak baztertu ditu besteak, urarena eta, honekin lotuta, elikagaiena eta klimarena, kasuko. Baina hor dira, arazoak oso desberdinak izan arren ustez garatuak diren herrialdeetan eta besteetan.

Europako aditu batek dioenez, hau paradoxa: «Urari lotutako krisi globala planetan zabal jotzen ari den bitartean, aurre egin behar diotenak, gehienetan, ezjakinak dira uraren arazoez. Hortaz, jardunbide egokiak aurkitzeko, askoz ere hobea da etorkizun iraunkor batetik egindako atze-ikuspena, iraunezina den gaurko honetatik egindako aurreikuspena baino». Gogoeta aproposa. «Ezin arazo bat konpondu bera sortu duen pentsaera beretik».

Krisia jaiotzez duen NBEk aldarrikatua du Ura iraunkortasunaren funtsa dela, Energia, Osasuna, Nekazaritza eta Biodibertsitatearekin batera. Esana ere: «Uraren krisia, funtsean, arazo publikoen kudeaketaren krisia da, arazoak gobernatzeko moduarena».

Hala ere, uraren pribatizazio bideak inoizko zabalenak dira, Europan bertan ere bai! Erakunde horren Milurtekoaren Garapen Helburuetan (2000-2015) zazpigarrenak du ura hizpide, helburua ura eta saneamendua eskura ez dutenen kopurua erdira jaistea zela.

Baina, krisi ofizialaren aurretik betetzen ez zihoazen helmugak are gutxiago beteko dira orain, garapena sistema finantzarioak behar du eta!

«Ura bizitza da» segituko dugu esaten, ur zikinek egunero milaka ume hil arren. Bai, motiboak, inoiz baino gehiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo