GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Mendiko eskia | Pierra Menta

Bi talde faboritoek ez zuten hutsik egin

Pierra Menta proban Laetitia Roux eta Mireia Miro izan dira garaile nesketan, eta Matheo Jacquemoud eta William Bon Mardion, mutiletan. Gotzon Martin eta Iñigo Martinez de Albornoz, laugarren, kadeteetan.

p040_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Beste edizio bat, 28.a, Pierra Mentak izan berri duena. Lau egun, martxoaren 21etik 24ra, eta bi laguneko 250 talde gazte mailetan zein nagusietan. Eta hori guztia gutxi izango balitz, ibilbide ederrak, maila handia eta milaka ikusle. Grande Course modalitatean jokatu da lasterketa, eta, oro har, izenburu nagusi gisa baiezta dezakegu nagusien mailan lehiatu diren bi talde faboritoek ez dutela hutsik egin. Nesketan, Laetitia Roux frantsesa eta Mireria Miro katalana izan dira indartsuenak. Mutiletan, berriz, Matheo Jacquemoud eta William Bon Mardion frantsesak.

Inolako zalantzarik gabe, bi talde horien nagusitasuna erabatekoa izan da. Izan ere, jokatu diren lau etapak irabazi dituzte. Gainera, atzekoei tarte dezente atera diete. Emakumezkoetan, adibidez, bigarren sailkatuak, Axelle Mollaret frantziarra eta Elena Nicolini italiarra, 48 minutura geratu dira; eta hirugarrenak, Maude Mathis eta Emilie Gex-Fabry suitzarrak, 55 minutura.

Gizonezkoetan bigarrenak Matteo Eydallin eta Damiano Lenzi italiarrak izan dira, ia 11 minutura; eta hirugarrenak, Manfred Reichegger eta Lorenzo Holzknechet italiarrak, ia 14 minutura. Lehen euskal taldeak, Iñigo Lariz eta Igor Alzelaik osatutakoak, 85. postuan amaitu zuen 4 ordu eta 14 minutura.

Oro har, oso lehia biziak ikusi dira. Lehen etapa, adibidez, oso dinamikoa eta maila handikoa izan zen. Bigarrena, berriz, luzeena izan zen, 2.579 metroko goranzko desnibela izan zuen, baina beroak ez zuen batere lagundu. Elurra zela-eta, hirugarrenaren ibilbidea moztu behar izan zuten. Forclaz lepora igo ziren, eta han 2.000 ikusleren babesa jaso zuten. Etapa mitikoa. Eta laugarrena, laburra eta dinamikoa.

Gazteak

Jakina denez, seniorren mailak hedabideen arreta ia guztia jasotzen du. Alabaina, aipatu behar dugu gaztetxoenak ere lehiatzen direla. Hain zuzen ere, bi maila daude: juniorrak eta kadeteak. Nagusiek ez bezala, gaztetxoek bi etapa jokatzen dituzte. Eta, ohi den legez, hauei prestatzen zaizkien ibilbideak askoz laburragoak eta errazagoak dira.

Aurten bi euskal ordezkariak izan ditugu. Gotzon Martin eta Iñigo Martinez de Albornoz kadeteen mailan lehiatu dira. Biak ala biak euskal selekzioko kide dira, eta, inolako zalantzarik gabe, aipatu behar dugu egundoko lana egin dutela. 23 talde lehian, eta laugarren postuan sailkatu dira, irabazleengandik 17 minutura. Lehen etapan hirugarrenak izan ziren eta bigarrenean, laugarrenak. Azken honetan, gainera, bi minutuko zigorra jaso zuten. Gutxigatik bada ere, podiumak ihes egin zien.

sasoikoenak

Laetitia Roux eta Mireia Mirok zein Matheo Jacquemoud eta William Bor Mardionek nagusitasun osoz irabazi dute

bikain

Kadeteetan, Gotzon Martin eta Iñigo Martinez de Albornoz euskal ordezkariek laugarren postua eskuratu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo