GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Karmele Jaio 2013/4/5

Hitz salatariak

Noticias de Gipuzkoa

Txokolatea nahi duela eskatu dit semeak supermerkatuan, eta nik tableta bat erosiko dugula esan diot. Tablet bat?, galdetu dit. Ez, tableta bat, erantzun diot. Ba hori, tableta bat, dio, ezin ulertuta. Eta orduan konturatu naiz semeak tableta hitzaren esanahi bakarra ezagutzen duela, eta ez duela zerikusirik txokolatearekin, teknologia berriekin baizik. Adin bakoitzak bere hitzak ditu, eta erabiltzen ditugun hitzek salatzen gaituzte. Gure adina behintzat salatzen dute.

Nik barre egiten nion nire amari, tabernetako terrazei beladoreak deitzen dielako, eta pintxoei banderillak, eta orain nire semeak egiten dit barre neuri esaten diodanean kontuz ibiltzeko, astakeriarik ez egiteko, bestela cuarto de socorroan bukatuko dugula. Ia zer den hori galdetzen dit, cuarto-socorro delako hori, eta barre egiten du. Bai, hitzek salatzen gaituzte. Hitzek erakusten digute hasi garela beste aro batekoak izaten.

Aro berriek hitz berriak bilatzen dituzte. Hitz berriek aro berriak sortzen laguntzen dute. Horregatik, askotan, gizarte batek, herri batek, etapa bat gainditu eta beste berri batean sar-tzeko beharra eta aukera ikusten duenean, hitzetatik hasi behar du lanean. Gatazka bat gainditu nahi denean, adibidez, edota gizarte bat antolatzeko moduari buelta eman behar zaiola erabakitzen denean, hitzetatik hasteak asko laguntzen du. Zenbait hitz baztertu, lurperatu, gainetik kentzea beharrezkoa da aurrera egiteko. Hain erabiliak izan dira, hasierako zentzua galtzeaz gain, eskuz esku ibilitako diruaren antza hartu dute, eta sagar ustelak bezala kutsatzen dituzte otzaran dauden guztiak.

Hitz berriak, aldiz, aro berrietara sartzeko leihoak dira. Aire garbia arnasteko aukera ematen dute, eta mundu berri bat asmatzen hasteko beharrezko pizgarri dira. Hitzak aztertzea termometro ona izaten da jakiteko hitz egiten duenak garai berri batean sartzeko gogoa duen edo nahiago duen betiko lekuan aingura botata egon, urgentziei oraindik cuarto de socorro deitzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo