GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

kirol eskalada Siurana

Alex Megos, ezustean, historian sartu da lehen 9a bistan eginez

Pasa den martxoaren 24an, 19 urteko gazte alemaniarrak «Estado critico» bidea kateatu zuen, Siuranan. Handik bost egunera, berriz, Megosek «La Rambla» marra (9a+) bigarren saioan sinatu zuen. Egin diren hamar igoeretatik azken hau izan da azkarrena.

p040_f01_148x232.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Erabateko ezustekoa! Bai, inolako zalantzarik gabe, jokoz kanpo harrapatu gaitu albisteak. Pasa den martxoaren 24an, Alexander Megos alemaniarrak «Estado critico» bidea (Siurana) bistan kateatu zuen; hots, estilo horretan egin den munduko lehen 9a izan da. 19 urte besterik ez ditu, ez da batere ezaguna, baina kirol eskaladaren historian ate handitik sartu da.

Ezustekoa izan dela genioen; izan ere, balentria hori Adam Ondrarena izango zela espero genuen. Txekiarra hiru alditan lortzeko zorian izan da; 9a graduko hiru bidetan bistan sartu, eta oso gutxigatik bada ere, ezin izan ditu sinatu. Ondra bera ere erabat harrituta geratu da berria entzun zuenean: «Albistea irakurri eta istant batez zur eta lur geratu nintzen. Ez nintzen gai sinisteko, baina jarraian benetako berria zela ohartu nintzen. Esan dezakedan gauza bakarra da Alexen etekina bakarra dela. Jarrera perfektua izan zuen, eta eskalada osoa akatsik gabe egin zuen. Ez da soilik zorte kontua; zalantzarik gabe, egundoko maila izan eta estilo hori erabat menderatu behar duzu. Marra hori 2007. urtean kateatu nuen, eta soilik bi saio egin behar izan nituen. 8c+ xuabea iruditu zitzaidan, baina, jakin badakit, helduleku bat hautsi zela. Ordutik ez dut `Estado critico' berriro eskalatu, baina aldaketa horrekin marra hori 9a izatera irits daiteke».

Lehen 9a bistan egitea nahikoa ez-eta, bost egunera «La Rambla» (9a+) bigarren saioan eta egun berean poltsikoratu zuen. Berriro ezusteko baten aurrean gaude? Bada, dagoeneko ez dakigu zer pentsatu. Datu argigarri bat: Siuranako marra 10 lagunek kateatu dute, eta hori lortzen azkarrena Megos bera izan da. Ondrak, adibidez, hiru saio eta hainbat egun behar izan zituen. Bost egunen buruan munduko lehen 9a bistan eta 9a+ graduko beste barra bat landuta soilik bi saiotan. Argi dagoen kontua da gazte alemaniarra beste belaunaldi magiko batekoa dela.

Bi bide, «Estado critico» eta «La Rambla», Megosen ibilbide bereziarentzat. Eta berezia diogu bi marra horiek, ondoan egoteaz gain, lurrikara berri horretan gurutzatu direlako. Berez, Megosek aitortzen duenez, bere asmoa «La Rambla» zen: «9a+ hori probatu nahi nuen, baina han dauden irteerak nahiko nahastuta zeudenez, azkenean `Estado critico' marran sartu nintzen. Eskuarki, bideetan flash eran edo bistan saiatzen naiz. Astebete lehenago lagun batek bide hori kateatu zuen, baina ez zegoen nirekin. Flash eran igotzeko ez neukan informazioa lortzeko aukerarik. Orduan, bistan saiatzea otu zitzaidan».

Gai horren inguruan, bistan eskalatzearen inguruan, alemaniarrak baieztatu du «Estado critico»-ri buruz ez zekiela ezer: «Hau baino ez nekien, Felix Neumakerrek igo zuela. Ez nekien beste inork eskalatu ote zuen, ez nekien helduleku bat apurtu zela... ez nekien ezer. Baten batek galdetu dit ea bideoren bat ikusita nuen. Bada, ez; bistan eskalatu nahi baduzu ez duzu marra zehatz baten inguruko bideorik ikusi behar. Zintzoa behar duzu izan!».

Aitortu behar da Megosek aurretik zuen ibilbideak ez duela batere lotura zuzenik egin berri duenarekin. Bistan bost 8b+ zituen, eta flashean bi 8c eta 8c+ bat. Alabaina, gai izan da 9a bistan egiteko: «Nire ibilbidea ez da batere entzutetsua; hori badakit. Ez ditut muturreko kristoren bideak sinatu, baina kontuan hartu behar da gaztea naizela. Gainera, ez naiz mediatikoa; izan ere, nire eskaladak ez ditut sarean zintzilikatzen. Jakin badakit den-denok harrituta geratu zaretela. `Estado critico'-ren graduari buruz ezin dut eta ez dut iritzirik emango. Eskalada horretan den-dena borobildu nuen, perfektua izan zen. Hala ere, gehitu behar dut oso zaila izan zela. Ez naiz gai graduaren inguruan ezer esateko. Behin bidetik jaitsi nindutenean ohartu nintzen egindakoarekin. Eskalatzaile batek galdetu zidan kateatu berri nuena 9a ote zen. Eta nik baietz erantzun nion. Oso mantso bada ere, `Estado critico' bistan eskalatu nuela ohartu nintzen».

Gazte alemaniarrak aitortu du ez zuela uste kateatzeko gai izango zenik: «Zinta batetik bestera oso ongi eskalatzen ari nintzen, eta segituan jabetu nintzen gai nintzela bidea kateatu ahal izateko. Erabat kontzentratu nintzen, ez nuen erorikorik nahi. Azken txapara iritsi, atseden pixka bat hartu eta katera helduko nintzela ziur nintzen. Une sinestezina izan zen! Esan behar dut bide hori ez dela batere erraza irakurtzeko, sekzio batzuetan makina bat helduleku daudelako eta erabakiak di-da batean hartu behar dituzulako. Uste dut zorte handia izan nuela».

«Estado critico»-ri esker, Megosek kirol eskaladan urrezko pasarte bat idatzi du; ezusteko protagonista izan da, baina beste behin argi geratu da kirol hau ez dela matematika purua. Soilik beste datu bat: Siuranako «A muerte» bidea (9a) bigarren saioan poltsikoratu du.

Eta «La Rambla»

Nahiz eta etxera itzultzeko «aitzakia» ederra zuen, Megosek bere oporraldia Siuranan bukatu nahi izan du. Beste bide gogor batzuk kateatzeaz gain, inoiz ahaztuko ez duen beste eskalada bat lortu zuen. Arestian aurreratu dizuegu «La Rambla» (9a+) bigarren saioan «jan» zuela. Siuranako marra mitikoa kateatzen azkarrena izan da.

Bi saio muturreko bide batentzat harrigarria da, baina are harrigarriagoa, lehen saioan, flash eran egindakoan, katetik oso gertu erori zela. 40 minutu pasa zituen borroka bizian. Lekukoek diotenez, soilik bi helduleku falta zitzaizkion bidea egiteko. Gutxi gorabehera, 8c+/9a flash eran egin zuela diote.

Atsedena hartu eta bidean berriro sartu zen. Emeki-emeki, sekzio guztiak era eraginkor batean gainditzen joan zen, eta ia «nekatu» gabe soka katetik pasa zuen: «Nire lehen 9a+ izan da. Jakina denez, uste nuen denbora eta saio gehiago beharko nituela. Baina, azkenean, samurragoa iruditu zait. Marra historikoa da, Alex Huberrek zabaldutakoa eta gutxik igo dutena. Amets egiten nuen bide horrekin, eta kateatzea lortu dut. Gainera, oso azkar. Aitortu behar dut flash eran saiatu nintzela. Erori, bi orduko atsedena hartu eta katera heldu nintzen».

Nahiz eta «Estado critico» bistan eta «La Rambla» bi saiotan eskalatu duen, Megosek argi du aurrerantzean saiatuko den bide guztietan ez duela errealitate bera biziko: «9a+ graduko bide bat eskalatu dut, baina argi daukat 8c+ batek agian arazo gehiago emango dizkidala. Nire estilokoak ez badira, buruhauste handiak izaten ditut».

lehena

Alex Megos gazte alemaniarrak «Estado critico» bidea bistan eskalatu berri du; estilo horretan egin den lehen 9a izan da.

Chris Sharmak «La dura dura» marraren lehen errepikapena sinatu du

Badirudi azken bolada honetan, betiere muturreko kirol eskaladari dagokionez, Katalunian izarrak lerrokatu direla. Izan ere, Megosek «Estado critico» bistan eskalatu baino egun bat lehenago, Chris Sharmak «La dura dura» bidearen (9b+, Oliana) bigarren igoera egin du.

Kasu honetan, behintzat, albisteak ez gaitu ezustean harrapatu, estatubatuarra lehen lerroko espezialista dugulako. Bere ibilbideari begiratzen badiogu, ohartuko gara hor dituela 9b graduko bost bide. Beraz, graduan beste urrats bat egitea normala da. Hori bai, plus hori lortzea bost urte kosta zaio.

Irakurleak ziur aski gogoan izango du «La dura dura» Sharmaren beraren xedea zela. Baina, pasa den otsailaren 7an, Adam Ondra aurreratu zitzaion, eta kateatu ondoren, 9b+ proposatu zuen. Gogoan izan ere bi protagonista hauek saioak partekatu zituztela, baina, diogunez, txekiarra estatubatuarrari aurreratu zitzaion. Haatik, Sharmak baieztatu du bide hori kateatzea oso garrantzitsua izan dela: «`La dura dura' kateatzea istorio oso luzea izan da. Eta oso zaila. Marra aurkitu, ekipatu, motibazio zein konfiantza handia izan... nire eboluzioan denbora asko eskatu didan bidea izan da. Duela lau urte ekipatu nuen, eta orduan ezinezkoa iruditu zitzaidan. Helduleku txikiak ditu, eta nire estilorako ez da oso egokia. Duela urtebete inguru ohartu nintzen kateatzeko gai nintzela. Den-dena eman dut urtebete horretan. Gorabehera handiak izan ditut. Beheko tartea, zailena, erraz egitea lortzen nuen, baina goian akatsak izaten nituen. Ondoren, hilabete bateko atsedenaldia hartu ondoren, lehen zati hori ez zitzaidan ateratzen. Uste dut Adamekin probatzea izan dela giltza».

Estatubatuarrak bazekien gertu zegoela, baina bazekien era berean udaberria gainean zegoela eta baldintzak zeharo aldatuko zirela: beroa, ekaitzak, euria... Baina «ekinez egina» lema hartuta, Sharmak probatzen jarraitu zuen. Eta kateatze eguna iritsi zen. Lehen saioan beheko sekzioan erori zen: «Nahiz eta oso sentsazio onak izan, erori egin nintzen. Bigarren saio bat egin nuen, eta beheko zatia gainditu ondoren, bigarren sekzioari begira jarri nintzen. Ez nuen akatsik egin eta katera heldu nintzen».

Ondrak eginiko 9b+ proposamenari buruz, protagonista honek dio inoiz egin duen biderik zailena izan dela: «Margalefeko `First round first minute' bidea (9b) kateatu nuenean, gogorrena iruditu zitzaidan. Saio asko egin nituen, baita zailtasunaren perspektiba galdu ere. Baina, orain bai, ziur naiz `La dura dura' egin dudan biderik zailena dela. Horretaz gain, aipatu behar dut marra hau nire kirol ibilbidean oso garrantzitsua dela».

Olianako «La dura dura»-ren lehen errepikapena edo bigarren igoera sinatu berri du Sharmak. Nahiz eta munduko bide «zailena» egin duen, azpimarratzekoa da estatubatuarrak duen libreta. Dagoeneko, 9b zailtasuneko sei bide sinatu ditu; hori egiten bakarra da. Andoni ARABAOLAZA

bi saio

Eskalatzaile berak «La Rambla» bidea (9a+) landuta kateatu du; hori bai, soilik bi saio behar izan ditu Siuranako marra mitikoa poltsikoratzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo