GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ijito herriaren kultura ezagutzera emateko ekitaldi ugari antolatu dituzte Nafarroan

GARA | IRUÑEA

Nafarroako ijito komunitateak bere kultura ezagutzera emateko ekitaldi sorta oparoa antolatu du apirilerako. Ekitaldiak gaur, Ijito Herriaren Nazioarteko Egunean, abiatuko dituzte Iruñeko Caparrosoko errotan, ibaiko zeremoniarekin. Ekitaldi horretan emakumeek loreak jarri ohi dituzte ibaiaren ertzean ijito herriak eta kulturak bizirik jarraitzen dutela sinbolizatu nahian; ondoren, gizonek kandelak jartzen dituzte euren arbasoak eta hildako senitartekoak omentzeko.

Hilabete honetarako antolatu dituzten ekitaldien artean dago, halaber, «Ikasketadun ijitoak, etorkizundun ijitoak» kanpainaren aurkezpena. Helburua, ijito ikasleek Bigarren Hezkuntza buka dezaten bultzatzea da. Izan ere, Nafarroako Ijito Idazkaritza Fundazioak emandako datuen arabera, neska-mutilak normaltasun osoz eskolaratzen dira, baina hamar ikasletatik zortzik ez dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzen. Aipatutakoez gain, zinema emanaldiak, flamenko ikuskizunak edota Sabicas Iruñeko gitarra jotzaile ezagunari egingo dioten meza antolatu dituzte hilabetea amaitu bitartean.

Donostian ere ekitaldia

Ijito Herriaren Nazioarteko Egunaren karietara, Gipuzkoako ijitoen aldeko elkarteek ere ekitaldia egingo dute Donostiako udaletxean. Goizeko hamaiketan abiatuko den ekitaldian, komunikatu bat irakurriko dute aipatu elkarteek, egun honen harira egin nahi dituzten aldarrikapenekin.

Halaber, Donostiako Udalari ijitoen bandera emango diote udaletxearen kanpoaldean jarri dezan. Donostiako Udalak adierazpen bat onartu berri du ijitoen aldeko elkarteei aitortza egin eta «errespetu eta bizikidetzaren alde» lanean jarrai dezaten animoak emateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo