GARA > Idatzia > Euskal Herria

Fusilatuen gorpuak berreskuratzeko trabak kentzeko eskatu dute

Bigarren Errepublika espainolaren aldarrikapenaren urteurrena ate joka dela, fusilatuen gorpuak berreskuratzeko trabak desager daitezela eskatu dute senideek. Ekitaldi ugari izango dira igandean Euskal Herrian.

GARA | IRUÑEA

Bigarren Errepublika espainolaren urteurrenaren bezperan fusilatuen gorpuak berreskuratzeko artxiboetara jotzeko trabak kentzeko eskatu zion Administrazioari Nafarroako Fusilatuen senideen Elkarteak.

«Horrek gure lanari asko lagunduko zion. Denbora, dirua eta oinazea aurreztuko genuke», adierazi zuen elkarteko honetako eledun Ioseba Eceolazak. Orain, ordea, uste baino gorpu gehiago atera izan dira indusketak egin dituzten hobietan. Beste batzuetan, berriz, ez dute bat ere topatu.

Gauzak horrela, egia, justizia eta erreparazioa eskatuko dute berriro igandean, apirilak 14, Iruñeko Gotorlekuan egingo den ekitaldian (12.30). Iruñean fusilatu zituzten 298 lagunak eta Nafarroa osoan denera hil zituzten 3.400 baino gehiago gogoratuko dituzte.

Gorpuak berreskuratzeko diru laguntzak kendu badituzte ere, lan horretan jarraitzeko asmoa dutela nabarmendu zuen Eceolazak. Horregatik, boluntarioen eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen laguntza eskertu zuen. Paco Etxeberria forentsea omenduko dute igandean, egindako lana eskertzeko asmoarekin. 2002. urtetik hona 216 gorpu berreskuratu dituzte Nafarroako 46 hobitan egin diren indusketetan, Etxeberriaren lanari esker.

Sartagudan ere Errepublikaren Eguna ospatuko dute, Sortuk deituta. 11.00etan fusilatuak omenduko dituzte hilerrian eta eguerdian ekitaldi politikoa egingo dute Memoriaren Parkean. 13.00etan herri poteoa hasiko da eta 14.30ean herri bazkaria izango da herriko igerilekuan.

Alternatibak eta Gorripideak, berriz, Gasteizko Probintziaren plazan igandean 12.30ean egingo den ekitaldian parte hartzera deitu zuten. Abesbatza Errepublikazaleak antolatzen ditu ekitaldi hauek.

«Heldu den apirilaren 14an Errepublikaren Eguna ospatuko dugu hiri eta herri askotan. Egun hori Bigarren Errepublikak eman zituen aurrerapauso garrantzitsuak gogoratzeko eta errebindikatzeko erabiliko dugu: askatasun demokratikoak, hezkuntza publikoa, laizismoaren aldeko erregimena, emakumeen bozkatzeko eskubidea onartzea, ezkontza zibila eta dibortzioa...», nabarmendu zuten Alternatibak eta Gorripideak.

Nafarroara itzuliz, igandean, I-Ek deituta, elkarretaratzea egingo dute 13.00etan Tuterako Plaza Berrian. Ondoren, bazkari errepublikazalea izango dute.

Hilaren 13an, berriz, Iruñean antolatu du ekitaldia I-Ek. Udaletxe Plazan izango da eguerdian. Bertan, Jose Miguel Nuinek, Edurne Eguinonek eta fusilatu baten birbilobak hartuko dute hitza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo