Oteiza Museoak «Aldaketen legea» saiakera bilduma berrargitaratu du
GARA | DONOSTIA
Jorge Oteizaren «Aldaketen legea» obraren edizio kritikoa kaleratu du Oteiza Museoak. Lehenengo bertsioa 1990. urtean publikatu zuten eta jada deskatalogatuta zegoen. Lan honek pentsamendu estetikoa ulertzeko gakoak ematen ditu, museoak zabaldutako ohar batean dioenez.
Obran Oteizak aldaketen legeari buruz proposatu zuen paradigma bat ageri da; eskultoreak lengoaia artistikoen eboluzio ziklikoa aztertzeko sortutako erreminta kontzeptual bat da lege hori. Bertan jasotako ideiak funtsezkoak dira Jorge Oteizaren pentsamendua eta artea ulertzeko.
Oteizak 1990ko «La ley de cambios» obran bildu zituen bere analisiak, eta orain museoak testu haiek berreskuratu ditu, Fernando Golvano Euskal Herriko Unibertsitateko Arteen Estetika eta Teoriako irakaslearen kritika eta azalpena gehituz.
Saiakera bilduma
Artistak aldaketen legearen inguruko analisia indartu zuen 1957an «Proposito experimental» teoria bururatu zitzaionetik. Lege horrek espresio eta sorkuntza artistikoa, eta honen garapena eta ondorioa baldintzatuko luke. Bere ustez, lengoaia berriak ikertuz posible litzateke lortutako zein falta diren esperientziak aztertzea. Pentsamendu honen inguruan bi saiakera egin zituen, «Ideología y técnica para una ley de los cambios en el arte» (1964) eta «El arte como escuela política de tomas de conciencia» (1965).
Bi ikerketa horiek «Ejercicios espirituales en un túnel» aldizkarian publikatuak izan ziren 1965. eta 1983. urteen artean, Daniel Txopitea artistak 1990ko liburuan denak bildu zituen arte. Oteiza Museoak argitaratu berri duen edizio kritikoak saiakera horiek berreskuratu ditu, baina atal gehiago gehituz: teoria horren sorkuntzaren oinarrien berri ematen duen Golvanok idatzitako hitzaurreak liburuan biltzen diren ideiak hobeto ulertzen laguntzen digu.