GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Mugatu eta segi

Bitxia da zenbait pertsonari zenbat inporta zaion jaio ere egin ez dena. Horren eta izango lituzkeen eskubideen defentsan, nola bila eta aurki ditzaketen argumenturik sendoenak, horien hartzaileak erailetzat ere jota. Babesgabetasuna izan ohi da, batik bat, horien arteko erabiliena, jaio ez denaren babesgabetasuna. Badu, hondo-hondoan, erruki kutsua, ahulenekiko konpromiso eta gizalegezko betebeharraren uste kristau zaharra. Ez legoke gaizki, ez eta sobera, sentimendu eta barne grina hori egiazkoa eta orokorra balitz, gizateriarekiko maitasunetik sortuko balitz.

Bitxia da, baina, babesgabeen alde horren sutsu, horren irmo, egiten duten horiek berberak ardura eza izugarria erakusteko gai direla bizirik dauden beste askorekiko; bizirik eta inguruan, bizirik eta izorratuta, jendartean izan daitekeen lekurik okerrenean, jendartetik kanpo ere, sarri. Badirudi gauzen errealitateari begiratu eta horren arabera pentsatu eta erabaki baino, antzinako lege hautsi ezin bat bai ala bai mantentzeko misioa balute bezala jokatzen dutela. Gauza ororen gainetik, edozein arrazoibideri kasu egin barik, jendartea ildo bakar eta hertsi bakar horren bidera ekarri beharra xede. Denen kontra eginez, emakume, sendagile, politikarien kontra, guztiak bihozgabe eta berekoitzat jota, pertsonon balio galera eta dekadentzia oinarri. Abortuaren aferatik aterata, ordea, jendarte hau estutzen eta itotzen duten beste zenbait bidegabekeria eta dramari begira, misiolari horien berberen ahotan ez ditugu entzungo «gainbehera», «etika eza» edo «ankerkeria» hitzak. Bizien munduan estu eta larri dabiltzanek, babesgabe eta hauskor, haien ustez hori merezi izateko zer edo zer egingo egingo zuten.

Hipokresia hain da zabala, horrenbeste bidexka eta itzulinguru topa daitezke pentsamendu eta argumentatzearen eremu mugikorrean. Abortuaren kontrako mesiasak profil jakin bateko pertsonak izan ohi dira, emakume zein gizonezkoak, baina euren uste eta misioan inolako arrailik ez dutenak, zalantza txikiena ere aintzat hartuko ez dutenak, horiek gizonezkoak dira, guztiak. Emakumearen gorputza, emakumea bera, munduan zertarako sortu zen argi dute, mundua mundu denetik gauza batzuk ondo egin direlakoan, argi eta garbi dute zenbait gauza ez dituztela sekula onartuko. Bata, jakina, emakumeak bere gorputzaren gaineko erabaki osoa izan dezan; bestea, jakina, emakumeok beren espazioa, gizonengandik bereizia, espazio itxi eta emakumezkoena baino ez, edukitzea. Mehatxua da pertsona horientzat halako aldarrikapen eta, onartuz gero, lorpenei, bide ematea. Mehatxua da, hain zuzen, jendartearen egituran botere guneak galtzen joatea. Ez da abortuaren basakeria, ez da jaio ez denaren babesgabetasuna, ez da sentimendu errukitsua, ez, pertsona horien jokabidearen oinarria, horiekin bitzen badute ere euren borroka, baizik eta euren burua eta jendarteko lekua mehatxatuta ikustearen sentsazioa. Ildo bakar eta hertsiak mugatu eta segi, itxi eta segi du lege nagusi. Eta esparruen oso banaketa zehatza, boterea eta berau egikaritzen dutenak bere horretan iraun dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo