GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikurrinaren aldeko ekimenak egin dituzte asteburuan Lasarte-Orian eta Mungian

p012_f02.jpg

GARA | LASARTE-ORIA

Eraikin ofizialetan bandera espainola jartzeko inposizioari aurre egiteko, ikurrinaren aldeko ekimenak egin dituzte asteburuan Lasarte-Orian eta Mungian. Herri biek argi utzi nahi izan zuten sinboloen inposisioak ez duela inolaz herri baten nortasuna eraikitzen.

Gipuzkoako herriaren kasuan, zinegotziek hala adierazi zuten: «Alde batera utzi ditugu gure alderdien koloreak eta abertzale nahiz errepublikazaleak bertaratu gara». Ikur espainolari ezetz esan eta ikurrina defendatzera batu den jendearen aniztasun hori nabarmentzekoa izan da zenbait herritan.

Azaldu zutenez, espainiar agintariek «argi eta garbi jakin behar dute banderen edo sinboloen inposizioek ez dutela herri baten nortasuna, identitatea eta izateko modua aldatuko». Bide horretan, ikurrina «Euskal Herriaren adierazle sinbolikoa» dela defendatu zuten, «herriaren beraren batasunaren sendotasuna» erakusten duela argudiatuta.

Hortaz, herri honetako zinegotziek «herritarrek aukeratuak, eta beraz, beren ordezkariak» Carlos Urquijo espainiar ordezkariaren ebazpena «oztopo handitzat» jo zuten, «gure nahi eta borondatearen aurka doana, eta gure uste apalean guk ordezkatzen ditugun herritarren bizikidetza astinduko duena».

Bizkaian, bestalde, «Mungin geure ikurrek» lelopean ikurrinaren aldeko ekitaldia egin zuten igandean. Ideologia ezberdinetako 1.400 pertsona inguruk eta 45 elkartek baino gehiagok osatzen duten herri ekimenak deituta, ehunka mungiarrek, ikurrina ugari hartuta, kolore handiko martxa egin zuten herriko auzoetan zehar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo