GARA > Idatzia > Mundua

120 kilometro basamortuan oinez, etorkinen egoeraz ohartarazteko

Mexikotik AEBetara sartzeko etorkinek ezkutuan egin behar izaten duten ibilbide bera egingo dute gaurtik aurrera 50en bat lagunek. Astebete egingo dute oinez, Mexikoko Sasabetik Arizonako Tucsonera joateko.

p021_f02_148x092.jpg

GARA | TUCSON

Basamortutik barrena eta ezkutuan paperik gabeko etorkinek egiten duten ibilbide berbera egingo dute giza eskubideen aldeko ekintzaileek gaurtik aurrera. Etxeko pobrezia utzi eta iparraldeko potentzian bestelako aukerak aurkitzeko itxaropenarekin milaka lagun abiatzen dira urtero, arriskuz betetako bidean. Horietako asko bidean geratzen dira.

«Jendea etsita dagoenean, edozer egiteko gai da beren familiei jateko zerbait emateko. Biziaren eta heriotzaren arteko aukera da», Arizonako Giza Eskubideen Koalizioaren hitzetan.

Koalizio horrek antolatutako ibilaldia Mexikoko Sasabe hirian hasiko da gaur bertan, eta 120 kilometro egin ondoren, esku-hartzaileak Arizonako Tucson hirira iritsiko dira ekainaren 2an, datorren igandean. Urtero egiten dute gauza bera.

Aurtengoa hamargarren ekitaldia izango da eta helburua betikoa da: bizimodu hobea lortzeagatik AEBetako muga legez kontra zeharkatzen duten milaka lagunek jasan behar izaten dituzten baldintza gogorrak nabarmentzea, gizarteak aldaketak exijitu ditzan.

Kat Rodriguez erakunde antolatzaileko eledunak aurreko astean jakinarazi zuenez, ezinbestekoa da AEBetako hegoaldeko mugan urtero gertatzen diren heriotzen kopurua murriztea.

Gainera, ekintzaileak nabarmendu du gaur egun ez dagoela jakiterik zenbat pertsona hiltzen diren muga zeharkatu nahian, AEBetako agintariek ezarri dituzten politiken eraginez paperik gabeko etorkinek bide berriak aukeratzen baitituzte: segurtasun indarren atzaparretatik ihes egitea errazagoa da, baina bidean hilda geratzea ere bai. Koalizioak egin dituen kalkuluen arabera, 1990az geroztik gutxienez 6.000 pertsona hil dira muga basamortutik barrena zeharkatu nahian.

AEBetako Poliziako Mugako Patruila joan den astean hasi zen basamortua zeharkatzeak dituen arriskuen gaineko informazioa ematen. Urteroko kanpaina horrekin etorkinek atzera egitea nahi dute, bidaia arriskutsuegia dela nabarmenduz. Arriskua udan areagotu egiten da, termometroek gora egiten dutenean deshidratatzeko arriskua askoz ere handiagoa baita.

Tucson hiriko Mugako Patruilak eman dituen azken datuen arabera, iazko urritik aurtengo apirilera gutxienez 64 etorkin hil dira, agindutako paradisura iritsi nahian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo