GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Itziar Miner Gipuzkoako Foru Aldundiko Zerga eta Finantza Politikako zuzendaria

Errekargua ohiko bizilekua ez diren etxebizitzentzat

Etxebizitzaren erabilera ohiko bizilekua ez denean errekargua izango du bere funtzioa ez betetzeagatik, oinarrizko eskubide bati ez erantzuteagatik

Euskal Herrian azken urteetan bizi izan den etxebizitza eta eraikuntzaren inguruko festak ustekabean amaiera ikusi du eta higiezinen burbuila lehertu da. Horren ondorioak pairatzen ari dira familiak, erakunde publikoak, banketxeak... negozio horretan parte hartu nahi izan dutenak edo behartuta ikusi direnak. Epe motzeko irabaziei eta hazkunde errazari begiratzen zien eredua lehertu egin da azkenean. Bien bitartean agintean egon direnek eredu hau bultzatu dute. Etxebizitza andana alfer-alferrik eraikitzea baimendu dute. Espekulaziorako hutsik mantentzen utzi dituzte, inolako oztopo edo zigorrik gabe.

Gizon eta emakume askok ez dute lortzen oinarrizko eskubide hori gauzatzea. Bistan da etxebizitzarena dela azken urteotan jendartean pairatzen ari garen arazorik handienetakoa. Egunero dugu egoera dramatikoren baten berri eta noizean behin ere egoera tragikoak iristen zaizkigu. Testuinguru horretan, jabetzan etxebizitza bat baino gehiago dutenek dudarik gabe ahalmen handiagoa dute ekarpen handiagoa egin ahal izateko.

Norabide horretan, Ondasun Higiezinen Zergari dagokionez, Gipuzkoako araudian jasota zegoen etxebizitza hutsen gaineko errekargu bat jartzeko aukera, erregelamendu bidez garatuko zena. Hori horrela izanagatik, erregelamendu hori inoiz ez zen garatu inolako borondate politikorik ez zegoelako benetan aplikatzeko, eta ahots batzuk isilarazteko erabakia izan zen. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012an errekargua etxebizitza hutsen gainean ezartzea baztertu zuen, eta ikuspegi berriarekin, higiezin horren erabilerari erreparatu zion. Hau da, ohiko etxebizitza erabilera zuen ala ez bihurtu zen erabakigarria. Ohiko egoitza ez den kasuetan errekargua aplikatzeko markoa arautu zuen Zerga Lokaletan, eta udal bakoitzari errekargua jartzeko aukera zabaldu zitzaion. Modu honetara, erregelamendu bidez etxebizitza hutsaren kontzeptua zehazteak eman dituen arazoak gainditu dira azkenean.

Errekargu hau Gipuzkoako 51 udalek aplikatuko dute 2013an, eta ezar dezaketen errekargua %150era arteko da, 2012ko uztailean onartutako Foru Arauan oinarrituta. Justizia sozialaren izenean, etxebizitza hutsei erre- kargua aplikatzeko aukeraz asko hitz egin da urte luzeetan, baina praktikan, orain arte, inork ez du gai honi behar den moduan heltzeko adorerik izan.

Zilegi ez ezik, ezinbestekoa ere iruditzen zaigu errekargu bat eskatzea inoren ohiko etxebizitza ez den higiezin bat daukanari, nolabait berak izan dezakeen «luxu» (erabili gabeko alferrikako ondare) horrek zehar- kako eragin nabarmenak baititu gizarteko beste sektore ahulagoengan (gizarteko ahalmen ekonomiko txikia duten sektoreengan). Kontuan izan behar dugu etxebizitza bat erabiltzea oinarrizko eskubidea dela; edozein herritarrek duela bizileku duin bat izateko eskubidea eta administrazioei dagokiela betebehar hori bermatzea.

Ahalmen ekonomiko txikia dutenen artean, gazteek pairatzen dute batez ere etxebizitzaren arazoa. Eta kostaldeko herrietan, zeresanik ez, askori ezinezkoa egiten zaie bizilekua euren herrian eskuratzea. Bitartean, etxe asko ez dira merkaturatzen ez salmentan ez alokairuan, eta prezio ikaragarri altuak dituzte etxebizitzek bai erosteko bai errentan hartzeko. Zentzu horretan, ez da kasualitatea ia kostaldeko herri gehienek errekargua jarri izana.

Errekarguaren bidez etxebizitzak ohiko bizileku izatea bultzatu nahi da. Era berean beste onura batzuk ere espero dira: alokairua sustatzea eta etxebizitza hutsak merkaturatzea zein aitortzen ez diren alokairuak Ogasunaren aurrean aitortzea. Etxebizitzaren erabilera ohiko bizilekua ez denean errekargua izango du bere funtzioa ez betetzeagatik, oinarrizko eskubide bati ez erantzuteagatik.

Neurri honen bidez udalek baliabide gehiago eskuratuko dituzte. Modu horretan, zerbitzu publikoak eskaintzeko lagungarri izango zaie. Planteamendua, gainera, progresibitate printzipioari lotuta dago, gehien dutenek ekarpen handiagoa egin beharko baitute.

Etxebizitzaren inguruan ikusten ari garen hainbat egoera gordinen aurrean, neurri honen apaltasuna ere aitortu behar da. Errekargua ordaintzea egokitu zaien zergadunentzat, batez beste, 197 eurokoa izango da ordaindu beharreko errekargua. Gogoratu dezagun hainbatek etxebizitza hutsen espropiazioa aldarrikatzen duela egoeraren larritasunari erantzuteko.

Errekargua onartu duten udalek beraien herriko ezaugarriak kontuan hartu dituzte. Era berean, errekarguaren zenbatekoa eta salbuespen ezberdinak onartu dituzte. Zenbait egoeraren aurrean salbuespenak ezartzea logikoa da, eta seguruenik, neurria martxan jarri bezain laster, aurreikusi ez diren beste egoera batzuk agertuko dira. Horiei guztiei irtenbidea emango zaie hurrengo urteetako udal ordenantzetan.

Errekarguak, era guztietara, erantzuna eman nahi dio ohiko etxebizitza ez direnek sortzen duten arazoari. Uste dugu neurri honek emaitza onak ekarriko dituela: gehien dutenek gehiago ordaintzeaz gain, hutsik zeuden hainbat etxebizitza alokairura bideratuko dira. Horrek, ezinbestean, prezioak arrazoizkoago bihurtzea ekarri beharko luke. Modu honetan, Gipuzkoa beste norabide batean jartzeko beste urrats bat ematen ari gara. Izan ere, progresibitatearen eta ekitatearen printzipioen gainean eraiki nahi dugu jendartea, herri kohesionatua baitugu helburu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo