GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sega Gipuzkoako Txapelketa

Zortzi segalarik jokatuko dute kanporaketa

Bi multzotan banatuta neurtuko dira bihar Zizurkilen. Bakoitzeko bi onenak sartuko dira azken saioan.

p038_f02.jpg

Jon LEUNDA

Pasa den astean jarri zen abian segalarien aurtengo denboraldia. Beramendin nazioarteko erako lehen saioa izan zen, eta bihar Zizurkilen izango da betiko erakoa edo tradizionalekoa.

Zizurkilgo Areta baserriko belardietan jokatuko da Gipuzkoako Txapelketako kanporaketa, 11.30ean hasita. Zortzi segalarik eman dute izena bertan parte hartzeko, eta bi multzotan banatuta neurtuko dira. Ordu erdiko lana izango du bakoitzak, eta bakoitzetik kilorik gehien ebakitzen duten bi segalariak sailkatuko dira ekainaren 23an Aian jokatuko den final handira.

Lehen multzoan, Juanjoxe Lizaso, Jexuxmari Goenaga, Igor Esnaola eta Jexuxmari Ormaetxea neurtuko dira. Multzo oso gogorra izango da hau. Lizaso eta Ormaetxea iaz aritutako segalariak dira, baina ez Goenaga eta Esnaola. Lehenengoa urte batzuk utzita izan eta gero itzuli da lehiaketara, nahiz eta nazioarteko erakoa ez duen inoiz utzi, eta han beti atera izan den, emaitza onak lortuz. Era tradizionalean ere oso ongi moldatzen zen segalaria, uztea erabaki zuen artean. Igor Esnaola, berriz, lehen aldiz aterako da lehiaketa honetan. Esnaola, ordea, ez da ezezaguna segalaritza munduan, Almitza elkarteak antolatzen duen nazioarteko erako Euskal Herriko Liga irabazi zuen iaz. Beraz, multzo honetan bi berri agertzen dira, baina ezin esan bietako inor berria denik segalaritza munduan.

Lizaso nolakoa den mundu guztiak daki, eta txapela lortzeko faboritoen artean agertzen da. Ormaetxeak iaz Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuen, eta bera ere beti faboritoen zerrendan agertzen da. Multzo honetako edozein agertzen da faboritoen zerrendan, baina bik ezingo dute finala jokatu.

Berrienak

Bigarren multzoan, berriz, Mikel Alkorta, Julen Gabirondo, Iban Pardo eta Mikel Garaialde neurtuko dira. Azken biak lehen aldiz arituko dira betiko eran, nahiz eta biek pasa den astean nazioarteko erakoan ere parte hartu zuten.

Julen Gabirondo, Joxe Gabirondo segalariaren iloba da. Nazioarteko erakoan biek nahiko itxura polita eman zuten, baina horrek ez dauka zerikusirik gaur egin behar duten lanarekin, eta seguruenik ere gauzak asko aldatuko dira.

Pardo ere berri samarra da, eta bere lana ere ikusgai dago. Beraz, hauek denak kontuan hartuta, Mikel Alkorta izango da txanda hau irabazteko faborito nagusia. Bera aurten ez du inork ikusi, Lizaso eta Ormaetxea ikusi ez dituzten bezalaxe, baina Asteasun bizi den donostiarrak finalean izan beharko luke. Gauzak normal joanda, badirudi beste hiruren artean egon beharko lukeela finalean aritzeko laugarren txartelak.

Pisu askoko belarra

Azkenaldian egiten ari den euria kontuan hartuta, pentsatzekoa da bihar belarrak pisu handia izan behar duela, eta hura mozteko mainaz gain, indarra ere beharko dela. Dena dela, orain ez du balio belarra pasatzeak, txukun moztu behar da, bestela epaileek txartelak ateratzen dituzte, eta horrekin zigorrak ere etortzen dira. Segalaritza jendeak oso gustukoa duen kirola da, eta eguraldi ona izanez gero, jendeak erantzuten du. Bihar, ordea, Urrezko Aizkorako eta Urrezko Harri-jasotzeko finalekin bat egingo du, eta horrek, dudarik gabe, bi ekitaldiei egingo die kalte. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo