GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HATORTXU ROCK JAIALDIAREN 15. EDIZIOA ATARRABIAN

Hatortxu Rock 15 udaberrian, dispertsioak ez baitu urtarorik

p006_f02_250x148.jpg

Ane ARRUTI | ATARRABIA

Lakuntzan ospatu zen hamargarren edizio berezia salbu, Hatortxu Rock jaialdiak urte hasiera inguruan izaten du hitzordua Nafarroan, euri eta elur artean gehienean. Eguraldiagatik bestelakorik badirudi ere, hamabosgarren edizioa udaberrian egingo da, gaur bertan, Atarrabiako Entrecementerios eremuan kokatutako karpan.

«Dispertsio politikak eragiten duen gehiegizko kostua eta presoen senideen egoera ekonomikoak oinarritzat hartuta» erabaki dute edizio berezi hau egitea, azaldu du Iker Isiegasek, antolatzaileetako batek. Aitortzen duenez, Hatortxu Rockeko oholtzara sekula igo ez den Fermin Muguruzak mundu bira egin behar zuela jakiteak bultzatu zituen aurrera egitera. «Gogo handiak genituen gurean izateko. Kasu honetan, behar ekonomikoak eta berarekin lan egiteko aukerak kartel eta edizio berri bat prestatzera eraman gaitu».

Izan ere, jaialdia epe laburrean iraungitzeko asmoz sortu bazen ere, hamabost urtean euskal preso politikoen egoera «ezer gutxi» aldatu dela uste du Isiegasek, «okerrera joan dela ere esan daiteke. Bestetik, astetik astera senideek egin beharreko milaka kilometroen inguruan ere ez dira mugimenduak egon. Guzti honek horrela dirauen bitartean inoiz baino beharrezkoagoak dira kartzela politikaren salaketa guztiak. Argi dugu gaur egun eskubideen urraketari dagokienez zerrenda luzea dela eta honen inguruan lan egin beharra dagoela, presioa egin, zerrenda hau gizartearen begietara ikusgarri egiteko. `Parot doktrina', gaixo dauden presoak, dispertsioa...».

Urte berezia, ekimen bereziak

Ezohiko edizioa izanik, zenbait ekimen bultzatu dituzte musika kontzertuez gain. Horietako bat izango da «Preso bat, eskutitz bat». Sakabanaketaren distantzia txikitu nahi dute 596 ziegetara iritsiz, eta jaialdira sartu eta beste ezer baino lehen postal bat idazteko gonbita luzatu dute, horretarako jarriko duten mahaian. «Gure erronka preso guztiengana iristea da, guztira 596 dira, 596 postal, 596 elkartasun mezu».

Musikarien atxikimenduak ere ari dira biltzen, hamabost urteotan pasatu diren taldeak manifestu batean elkartuz. «Hain ona izan da musika taldeen erantzuna, Hatortxu Rocken parte hartu ez duten taldeak bat egiten ari dira, ze kanpaina Eguberrietaraino luzatzea eta musika munduaren aldetik preso zein senideekiko elkartasun modura aurkeztea erabaki dugun», aurreratu zuen Isiegasek.

Gaurko egunez, Eginklik kolektiboko kideak ere bertan izango dira «1.000 aurpegi dispertsioaren aurka» proiektuari bultzada emanez eta Mirentxineko kideek taloak egingo dituzte 20.00etatik 02.00etara.

Kontzertuak

Berotan sartzeko, Karibeko erritmoekin ekingo diote arratsari. La Jodedera laukotea 18.30ean igoko da agertokira. Kubako eta Euskal Herriko doinuak uztartzen dituen taldea da, eta ez doinuak bakarrik, taldekideak ere euskaldunak eta kubatarrak baitira.

Hurrengo elkartasun doinuak Madril eta Valentzia aldetik iritsiko dira, Riot Propaganda formazio berriarekin. Habeas Corpus eta Los Chicos del Maiz taldeak elkartzearen emaitza da Riot Propaganda, hip hopa eta hardcorearen nahasketa leherkorra eskaintzen duena.

50 urte bete berritan mundu bira batekin ospatzen ari den Fermin Muguruza eta bere Kontrakantxaren txanda izango da 22.45ean. Irundarra Hego Amerikatik iritsi berria da, eta atzo Gasteizko Jimmy Jazzen izan zen.

Azken urteetan etenik gabe dabilen Berri Txarrak hirukoteak momentuz Euskal Herrian duen azken kontzertua eskainiko du, 01.15ean hasita, ekainaren 21ean Hellfest jaialdi entzutetsura joan aurretik.

Bukatzeko, Ihesbide proiektu moduan hasi zen Iheskideko elorriarren punk rock doinuekin itxiko da hamabosgarren Hatortxu Rock honetako kontzertu sorta. Jaiak goizeko 06.30ak arte jarraituko du, DJ Jo Ta Txoren doinuekin.

Nafarroa Oinez-en aldeko kontzerturako deialdia

Ekainaren 22an, Tuterako zezen plazan, Nafarroa Oinezen aldeko kontzertuan izango dira Fermin Muguruza Kontrakantxa, Zuloak eta Las Culebras. Argia Ikastolarekin elkarlanean, Hatortxu Rockera joaten direnek, gaurko sarrera aurkeztuta, Tuterakora 6 euroren truke joateko aukera izango dute. A.A.

Elkartasun asteburuak Oiartzunen izango du segida Lasterbidean ekimenarekin

Euskal preso politikoen aldeko bigarren hitzordu bat bihar izango da Oiartzunen, Lasterbidean nazio elkartasun lasterketan. 1.500 korrikalari biltzea espero dute antolatzaileek, dispertsioaren politikak eragiten dien senideei sostengua adierazteko. Bi ibilbide izango dira, handia (8,1 kilometro) eta txikia (4,25 kilometro). Azken honetarako bihar bertan eman daiteke izena. Informazio gehiago, lasterbidean.com atarian. A.A.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo