GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko lehiaketa

Floren Nazabalek onena zein den argi eta garbi utzi du

Etxarriko txapeldunak erabateko nagusitasuna erakutsi du Azpeitian.

p021_f02_345x345.jpg

Jon LEUNDA

Ez zen inongo ezusterik izan, eta Floren Nazabalek irabazi zuen Urrezko Aizkorako txapela, eta inork uste baino alde handiagoarekin, gainera, amaieran hiru minutu pasako tartea kendu baitzion Aitzol Atutxari. 500 ikusle inguru batu ziren Izarraitz pilotalekuan azkeneko ekitaldia ikusteko asmoarekin.

Lehen lanean, 45 ontzako enborra ahalik eta kolperik gutxienean ebaki behar izan zuten. Atutxa izan zen onena, 25 kolpetan amaitu baitzuen. Bat gehiago behar izan zuen Nazabalek, 27 Rekondok, eta 31 Otaegik. Bigarren lanean, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuten. Hor Rekondo izan zen azkarrena, 48 segundoan amaitu baitzuen lana. 55 segundo behar izan zituen Nazabalek, minutu bat Atutxak, eta minutu bat eta 11 segundo Joseba Otaegi zizurkildarrak.

Hirugarren lanean, 60 ontzakoa zutik jarrita ebaki behar izan zuten, eta hor Nazabal izan zen onena. 2.47 izan zen Nazabalen denbora, 3.18 Rekondorena, 3.30 Atutxarena eta 4.03 Otaegirena. Laugarren ekinaldian, tamaina bereko enborra etzanda jarrita ebaki behar izan zuten. 2.18 izan zen Nazabalen denbora, 2.42 Atutxarena, 2.43 Rekondorena, eta 2.54 Otaegirena.

Azkenaurreko lanean, bakoitzak kana-erdiko bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita ebaki behar izan zituen. 4.18 izan zen Nazabalen denbora, 5.06 Atutxarena, 5.08 Otaegirena eta 6.10 Rekondorena. Iraupen proba bakarrik falta zen dena amaitzeko, eta hor bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituen. Berriro ere Nazabal izan zen onena, eta 14.57 izan zen bere denbora, 15.54 Otaegirena, 16.03 Atutxarena eta 17.00, berriz, Rekondorena. Lehen inongo zalantzarik baldin bazegoen, proba honekin bere nagusitasuna oso argi utzi zuen Etxarriko txapeldunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo