GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | LITERATURIA «KALE GORRIAN»

Berbak: idatziz, irakurriz, kantatuz, antzeztuz, itzuliz... eta arnastuz

Auzolanean eta «Kale Gorrian» garatu da beste behin ere Larrabetzuko Literaturia, idazlea eta irakurlea parez pare jartzen duen festa.

p028_f01_148x076.jpg

Anartz BILBAO

Gaztetxoen egitarau propioa da Literaturiatxoa; eta ezagutu egin dugu. Herenegun ume koxkorrak izan baziren protagonista –herriko lau gaztek “Makilakixki” ipuin kontaketa eman zuten–, atzo, 11.00etan, bederatzi haurtxo eta hamaika guraso elkartu ziren Anguleriko liburutegian. Zapatak erantzita eta alfonbra gainean jesarrita, ipuin eta kanten bitartez harremanak sendotu zituzten seme-alaba eta aita-amek, elkarri fereka, masaje eta kili-kiliak eginda. Oso saio atsegina eta lasaia izan zen, Saroa Bikandik gidatu zuen “Azalerako ipuinak” (2 urtera arteko haurrentzat).

Bitartean, denborak ihes egin zion beheko solairuan egungo itzulpengintzaren erronkei buruz egin zen berbaldiari. Puri-purian den gaia aztertu nahi izan zuten Joxemari Sestorainek (Denonartean), Iñigo Roquek (Edo!) eta Bakartxo Arrizabalagak (EIZIE). Entzule, hogei bat lagun, egunak protagonista izan zuen itzulpengintzaren mundukoak asko. Izan ere, Roque berak euskarara ekarri duen Lobo Antunesen “Gauzen ordena naturala” eta Angel Errok itzuli duen Gregoire Bouillierren “Txostena niri buruz” aurkeztu ziren gero, baita Asun Aierberen omenez UEUk plazaratu berri duen liburua ere.

Jarraian, Ateramiñek kaleratutako Mikel Orbegozoren “Preso nago” komikiak eta Peru Magdalenaren “Egia esan” lanak itxi zituzten aurkezpenak. Azken horrek liburu dendan eta modu berezian egin zuen berbaldia, Unai Abaunza gitarran lagun zuela. Txikitero giroa zen ordurako herrian; kalean ziren trikitilariak ere.

Pausu bat aurrera

Aurten Literaturiak aldaketa batzuk jaso ditu. Bazkariak, esaterako, ikastetxeko jantokian izan beharrean herriko tabernatan egin dira, eta saltokiak ere ez dira izan plazako estalpean. Hori bai, ekimen guztia, urtero legez, auzolanean emana izan da, larrabetzuarren partaidetza aipagarriarekin –hemen ez da harritzekoa tabernan zerbitzari izan duzuna liburu aurkezpenetan entzule aurkitzea–.

Gotzon Barandiaran idazlea da larrabetzuar horietariko bat, eta antolakuntzako kidea. Bere esanetan, «erakunde pribatuek ez dituzte horrelako ekimenak sustengatzen, ez behintzat kirol jarduera jendetsuak ez badira, eta ikusita zein babes gutxi dugun erakunde publikoengandik –murrizketa gainean murrizketa–, autogestio bidez atera behar da aurrera ekimena; bost urte bete ditu Literaturiak eta eskean ibili beharraz nekatu gara». Idazlea kexu da, irakurlearen ikuspuntutik gurean den plaza bakarrenetakoa izanda ere, diru laguntza sisteman sartzeko sekulako indarra egin eta oso gutxi jasotzen dutela-eta.

 «Agintean direnek kontu fribolotzat dute kultura eta kontrako bidetik goaz gu», jarraitu du Barandiaranek. Beraz, jarrera aldaketa bat proposatu du. «Hemendik aurrera beste era batera egin beharko ditugu gauzak.  Bost urte bete ditugu, pausu bat eman behar dugu, eta onera, datorren urtera begira. Batzuek ematen ez diotenez guk geuk eman behar diogu garrantzia geure buruari eta beste maila bat gora egin. Bultzada berri bat eman behar diogu Literaturiari». Larrabetzuarrak argi du kultura normalizatzen ez duen herriak ez duela hizkuntza normalizatuko, eta beraz, ezta herria bera ere. «Euskal literatura gure kulturaren oinarri sendoetakoa dugu, eta kasu gehiago egin behar zaio; gogoeta egin beharra dugu». 

Ekimenak orain arte egin duen bideaz eta aurtengo Literaturiaz pozik agertu da antolatzailea. «Bost urtetan hemen askok lehen aldiz ezagutu dituzte adierazpide artistiko batzuk. Aurkezpen, errezitaldi, mahai inguru eta kantaldi, oso aberatsa da hemen jasotzen dena, pertsona bera garatzeko ere. Eta jendeak ondo erantzuten du». Bistan da.

Herenegun gauez, esaterako, Hori Bai gaztetxea mukuru bete zen Anarirekin eta “Ez haut abandonatuko” ikuskizunarekin gozatzeko –40 bat lagun aulkietan jarrita, eta halako bi zutik atzean–. Azkoitiarra aspaldiko laguna du Literaturiak, ez da alferrik, modu batean edo bestean, kasik urtero bertaratu. Bakarka eta gozo “Aingura hegodunak” eta “Harriak” kantuak jo zituen, baita Gora Japonekin egindako ariketatxo bat –Efemerideak– eta Bob Dylanen bertsio bat ere, “Girl from the North Country”, euskaraz.

Aspaldiko partez hirukotean, Bide Ertzean taldeak bere poeta maiteak aurkeztu zizkigun gero: beti ondoan dutena, Otamendi, gehi Aranbarri eta, bereziki herenegun, Jon Benito. Azken horrek “Bulkada” (Susa, 2010) liburuko olerkiak irakurri zizkigun. Gau ederra.

Kronikatxo hau bukatzerako, Josu Bergara eatarra jotzen izango da Hori Bain. Beragaz batera izango da Pau Alabajos bakarlaria. Valentziarra oso ezaguna ei da bere herrian, eta europar bira zabal batetik bueltan dator; etxerako bidean azken aterpea du Larrabetzu. Aurtengo Literaturia itxiko du kantaldiak. Gero aspaldiko lagunak agurtu eta berriak egiteaz pozik bueltatuko gara etxera; literatura gose handiagoaz.

Larrabetzura agertu beharrik gabe ere, askok Literaturia.org du atari egokia ekitaldiaren berri izateko. Twitterren ere bolo-bolo ei dabiltza literaturak “Kale Gorrian” izan duen topalekuan esanak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo