GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga Informatika ingeniaria

Bada «teknologiak» deitzeko garaia

«Hain dago gure bizitzetan txertatua, non oharkabean pasatzen den Internet Eguna», dio egileak, Interneten jaiotzaren hogeita hamargarren urteurrenean eta nazioarteko egunaren bederatzigarrenean, gure bizitzaren osagai hain oinarrizko egin delako, hain zuzen. Harremanak, lana, aisialdia, informazioa jaso eta sortzeko «nonahikoa» bilakatuta, galdera ere pausatzen du: «Zergatik, hortaz, deitzen dugu teknologia berria? Noiz arte izango da berria?». Jada berria ez delako, teknologiaz hitz egin beharra defendatzen du. Komunikazioa, hezkuntza sistema, administrazio publikoa... dena aldatu duen teknologiari «berria» adjektiboa eransteak teknologiaren izaera eraldatzailea lausotzen eta nahasten duelako.

Oharkabean pasa zen Interneten Eguna. Maiatzaren 17an ospatu zen, Hipertentsio arterialaren eta Homofobiaren kontrako Egunarekin batera. Guztiak ere, gertutik bizi dituztenentzat ez ziren oharkabean igaroko. Baina Interneten Eguna, oro har oharkabean igarotzeak, badu esanahirik. Edo zerbait adierazi nahi du behintzat, Interneten Eguna 9. urtez soilik ospatzen dela eta mundua aldatu duen Internet jaio zela aurten 30 urte borobil betetzen direla kontuan hartzen badugu.

Interneten Eguna lehen aldiz 2005eko urriaren 25ean ospatu bazen ere, 2005eko azaroko Informazioaren Jendarteari Buruzko Goi-bileratik atera zen maiatzaren 17a Interneten Eguna izendatzeko proposamena. Eta, hortaz, 2006ko maiatzaren 17tik izen propioa du: Telekomunikazioen eta Informazioaren Jendartearen Eguna. Labur esanda: Interneten Eguna. Helburua Interneten eta, oro har, teknologien aukeren berri ematea da. Eta antolatzen dira mahai-inguruak eta ekitaldiak. Banatzen dira sariak. Ia hasieratik, ordea, enpresa munduari oso lotuta dagoen eguna bilakatu zen, egunero-egunero modu naturalean Internet erabiltzen dugunontzat oharkabean pasatzeraino.

Oharkabean pasa bada, gure bizitzetan oinarrizko zerbait bilakatu delako izango da. Elementu arrunt bat, egunerokotasunean erabiltzen duguna. Aldatzen eta hedatzen doana. Urte gutxiren buruan gure bizitza goitik behera aldatu arren, bera gabe bizitza irudikatzen uzten ez diguna. Internet gabeko garaiak aspaldiko garaiak balira bezala. Hain da nonahikoa, hain dago presente gure harremanetan, lanean, aisialdia antolatzeko eta bizitzeko moduan, gure formazioan eta informazioa jaso eta sortzeko bideetan. Hain dago txertatua gure bizitzetan, non oharkabean pasatzen den Interneten Eguna. Eta hain gure egin badugu, zergatik hitz egiten da oraindik, mota guztietako hedabide eta informazio-iturrietan, «teknologia berriez»? Ez al da jada «teknologiez» hitz egiteko garaia, bizitza irauli diguten (eta gerora ere irauliko diguten) teknologiez ari bagara? Noiz arte izango dira teknologia «berriak»?

Estatu espainiarrean 2012ko abenduan 15 eta 34 urte artekoek erosi zituzten mugikorretatik %80 smartphoneak ziren. Adin tarte guztiak kontuan hartuta, hamarretik zazpi mugikorretik Internetera konektatzen da. Smartphone bat duten lau milioi biztanlek tableta bat ere badute. Duela hamar urte mugikorra noizean behin kalera ateratzen genuen. Kalean telefonoz aritzeak lotsa ematen zuen. Harritu egiten ginen. Pasa dira hamar urte eta pertsona batekin bakarrik egonda ere, telefonoz beste batekin hitz egiten dugu. Edozein unetan eta lekutan Internetera konektatzen gara, erantzuten dugu mezu bat. Ordulari saltzaileek mugikorrak gorrotatzea lortu dugu. Mugikorra etxean ahazteak egun arraro bat oparitzen digu. Mugikorra behar bat bilakatu da. Oharkabean eta uste baino azkarrago.

Mezu elektronikoak bidaltzea eta jasotzea da Interneteko erabilerarik arruntena. Aldatu ditu gure komunikatzeko eta lan egiteko moduak. Etorri dira sare sozialak eta aldatu dute gure bizitza publiko egiteko modua eta jendeaz jakitekoa. Iritsi da Whatsapp eta aztoratu ditu telekomunikazio operadoreak, aztoratu dituelako erabiltzaileak eta komunikatzeko maiztasunak eta ordaintzeko gogo ezak. Aldatu ditu deitzeko ohiturak, urtemugatan zoriontzekoak, zenbaiten harremanak hasi eta bukatzeko bideak. Ahaztu gara ordainpeko SMSez, eta botoiak zituzten mugikorrez. Eta oharkabean egin dugu guztia. Konturatzeke baina kontzienteki, baina egiten dugunari gehiegi erreparatu gabe, ziur aski.

Teknologiek irauli zuten hezkuntza sistema. Teknologiekin jaio dira egun eskolaratzen diren haurrak. Ez dute argazki kamera gabeko mugikorrik ezagutu. Batzuk GPS gabekorik ere ez. Egungo ikasleek irakasleen informazio-iturri berberak dituzte eskura. Horregatik irauli dute teknologiek, besteak beste, irakaslearen rola. Irakasleak ezin du informazio-transmititzaile soil izan, informazio hori eskuragarri dagoelako ikasleentzat ere. Eta hortaz, aldatu du ikasteko modua, jakin-mina asetzeko baliabideen eskuragarritasuna. Teknologiek irauli zuten hezkuntza sistema, nahiz eta beharbada oraindik ez den euren integrazio pedagogikoan guztiz asmatu edo benetako apusturik egin.

Teknologiek aldatu zuten informazioa jasotzeko bidea, informazio-iturri kantitatea eta informazioaren kalitatea kontrastatzeko irizpide eta baliabideen zerrenda. Teknologiengatik sentitzen gara informatuago, eta «infoxikatuago». Teknologiekin herritarra «kazetari» senti daiteke, edukiak sor eta zabal ditzake. Teknologiekin prentsa idatziak leku apur bat galdu du, denborarekin doako informazioaren joera barneratzen joan garen heinean. Teknologiek kazetariaren rola irauli dute, eta prentsa idatziarena. Teknologiek hedabideen birplanteatzea behartu dute. Negozio-eredu berriak eskatzen ditu. Musikaren, zinearen edo editoreen sektorean gertatu den bezala. Edo bidaia-agentziekin.

Teknologiek aldatu dute administrazio publikoarekin harremana mantentzeko modua. Errenta aitorpena egiteko bidea, isunak ordaintzekoa edo sendagilearekin zita eskatzekoa. Teknologiek sortu dituzte Mauka, Oferplan eta Deskontu (eta gisako zerrenda amaigabe bat). Teknologiek aldatu dute gure bidaiatzeko modua, maleta asko eta askotan ordenagailu edo tableta bat sartzeraino. Teknologiek aldatu dute bidaia antolatzeko modua, lekuak aukeratzekoa eta bidea topatzekoa.

Teknologiek dena aldatu dute. Ezer ez da berdina teknologiekin. Eta teknologia berriak deitzen diegu, potentzialtasun transformatzaile eta eraldatzailea dutelako. Ukitzen duten oro irauli egiten dutelako. Baina jada horregatik bakarrik ezin dira berriak izan: teknologiek egiteko, sortzeko, jasotzeko, banatzeko, saltzeko, erosteko, partekatzeko, antolatzeko modu berriak sortu dituzte. Moduak dira berriak orain, ez teknologiak.

Teknologiak oharkabean erabiltzen ditugu, egunero eta nonahi. Bada garaia «teknologia berriak» kontzeptua atzean uzteko, berria adjektiboa dagokion substantibo edo izenaren ondotik jartzeko. Jada ez dira berriak, teknologiak dira, besterik gabe. Eta tresna edo sistema berriak sortuko dira, baina teknologiak izango dira. «Teknologia berriak» kontzeptua erabiltzeak teknologien izaera eraldatzailea lausotu eta nahastu egiten du, izaera eraldatzaile hori denean gauzak egiteko modu berria berri egiten duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo