GARA > Idatzia > Kultura

Aita Donostia XVI. Asteak musika eta elkartasuna uztartuko ditu

Diru laguntzen murrizketak Aita Donostia Aste Musikala arriskuan jarri ostean, antolatzaileek Caritasekin elkarlanean aritzea erabaki dute elkartasuneko kontzertuak prestatzeko. Guztira bederatzi emanaldi izango dira, bat eguneko, ekainaren 8tik 16ra bitartean.

p049_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Urtero Donostian antolatzen duten Aita Donostia Aste Musikala arriskuan egon da XVI. edizio honetan, krisi ekonomikoa dela-eta murrizketak izan dituelako. Azkenean, elkartasun kontzertuak antolatzea erabaki, eta 9 eguneko programa atera zaie, oso oparoa, parte hartuko duten talde guztiak gipuzkoarrak badira ere. Larunbatean izango da lehenengo emanaldia, eta ekainaren 16an itxiko dute jaialdia.

Aita Donostia abesbatza da musikaldiaren antolatzaileetako bat, eta honen zuzendaria den Javier Alberdik datozen egunetan hirian izango diren kontzertuen berri eman zuen. Aurretik, kudeaketa aldaketari buruzko azalpenak eman zituen, aurten egingo baitituzte elkartasun kontzertuak lehen aldiz. «Euskal Herriko zein atzerriko musikarik onena erakusten 15 urte pasatu ostean, ikusten genuen jaialdia arriskuan zegoela. Hiru edo lau eguneko astea egin genezakeen, baina ez zitzaigun nahikoa iruditzen eta azkenean, Caritasi proposatu genion elkarlanean aritzea. Honela, bederatzi egunetarako programa osatzea lortu dugu», azaldu zuen. Aurten parte hartuko duten talde guztiak Gipuzkoakoak dira, baina datozen edizioetan elkartasun kontzertuak egiten jarraitzea da beren asmoa, eta kanpoko taldeak ekartzen saiatuko direla ere iragarri zuen. Hala, musikariak doan arituko dira, eta publikoak ahal duen diru ekarpena egingo du kontzertuaren ostean.

Egitarau oparoa

Ekainaren 8 eta 16 bitarteko kontzertu guztiak 20.30ean hasiko dira Kaputxinoen elizan. Guztietan lehena Musikalis abesbatza izango da. Honek Haydnen hainbat kanta klasiko eskaini ostean, musika modernora joko dute. Alegia, The Beatles, Police, Michael Jackson, Amy Winehouse edo Michael Buble bezalako musikarien doinuak jarriko dituzte taula gainean, abesbatza estiloan, betiere. Gazteentzako erakargarria izan daitekeela uste du Javier Alberdik.

Alberdik ere egitarau berezia prestatu du berak zuzentzen duen abesbatzarako. Aita Donostia Koralak (ekainak 13) Ledesmaren abestiak ekarriko ditu emanaldiaren lehen zatian eta bigarrenean euskal kantautoreen lanak izango dira protagonistak: Lete, Lertxundi, Laboa...

Astean izango diren bi erreziltaldiak ere deigarriak dira (Debora Herrero eta Iñigo Vilas, 12an; Ainhoa Franco 16an). Hauekin batera, emanaldia eskainiko dute Landarbaso, Santa Cecilia eta Aldapeta abesbatzek (9an, 11n eta 15ean), Orfeoi Gazteak (14an) eta Mariaren Bihotza koralak eta eskolaniak (10ean).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo