GARA > Idatzia > Mundua

Elkarrizketak hasteko prest agertu dira Piongiang eta Seul, azken krisiaren ostean

Piongiang eta Seul hainbat gairen inguruan hitz egiten hasteko prest agertu ziren atzo. Ipar Koreak egindako elkarrizketa proposamenari baiezkoa eman zion Hego Koreak. Bilkura datorren asteazkenean Seulen bertan egitea proposatu zuen Ryoo Kihl-jae ministro korearrak.

GARA |

Hilabete luzeetako krisialdiaren ostean, Ipar Koreak elkarrizketa prozesu bat hasteko proposatu zion Hego Koreari. Korearen Bateratze Baketsuaren Batzordea gai korapilatsuak eztabaidatzeko prest azaldu zen. Horien artean, Kaesong industrialdearen etorkizuna eta Monte Kumgang turismo gunearen inguruko afera. 2008an Hego Koreako langileak Monte Kumgangetik kanporatu zituzten Ipar Koreako soldaduek turista hego korear bat hil ostean. Duela bi hilabete Hego Koreak Ameriketako Estatu Batuekin batera egin zituen maniobra militarrak direla-eta, Piongiangek Hego Koreako langileak Kaesongetik bota zituen, bi herrialdeek sinatu zuten armistizioa amaitutzat jo zuen eta komunikazio bide guztiak eten zituen. Atzerriko herrialdeetako enbaxadoreei ere beren segurtasunerako alde egiteko eskatu zien Ipar Koreak.

Egun horietan gerra hotsak entzun ziren arren, badirudi egoera pixkanaka lasaitzen ari dela. «Beharrezkoa izatekotan, gerrak [1950-53] banatu zituen familiak elkartzeko programari buruz hitz egin dezakegu berriro», plazaratu zuen agiri batean.

Hego Koreako presidentea zen Kim Dae-jungek eta Ipar Koreako Kim Jong-ilek 2000. urtean egin zuten bilera historikoaz geroztik, 30.000 korear beren senideekin aurrez aurre elkartu edo bideo bidez elkar ikusteko aukera izan dute. Horietako askok bost belaunaldi zeramaten elkarren berri jakin gabe. 2010eko azarotik ez da horrelako topaketa gehiagorik egin Seulen eta Piongiangen arteko tentsio giroa dela-eta.

Hego Koreako gobernuz kanpoko erakundeei ateak zabaldu zizkien «bisitak, harremanak eta kooperazioa garatzeko».

Bateratze baketsua lortzeko 1972an sinatu zuten hitzarmena gogoratzeko ekitaldia egitea proposatu zuen Piongiangek.

Hego Korea

«Pozgarria deritzogu elkarrizketa formalak hasteko Ipar Koreak egin digun proposamena. Espero dugu bi Koreak aukera hori aprobetxatzea», plazaratu zuen Seulek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo