GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega | Nazioarteko era

Sailkapenak finkatzen hasiko dira Zaldibian

Bihar eguerdian jokatuko da Euskal Herriko Ligako bigarren jardunaldia.

p039_f02.jpg

Jon LEUNDA

Euskal Herriko Ligako bigarren jardunaldia jokatuko da bihar 11.30ean, Zaldibian. Aurtengo txapelketa, gainera, oso garrantzitsua izango da, aurten jokatuko baita Europako Txapelketa, eta han izango diren euskal segalarien zerrenda liga honen amaieran jakingo da.

Orain dela hiru aste jokatu zen Beramendin lehen jardunaldia, eta gizonezkoetan Joxe Gabirondok irabazi zuen, Goenagaren eta Mitxelenaren aurretik, hiru horiek sartu baitziren lehen hiru postuetan. Igor Esnaola da egungo txapelduna, eta Legorretakoak laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen aurreneko saioan.

Aurten ere iaz lortutako txapelari eutsi nahi baldin badio, bihar irabazi beharra dauka, bestela zaila izango du bigarren urtez jarraian garaipena eskuratzea. Gabirondo, ordea, maisua da, eta urteetan aurrera joan arren, nolako maila duen argi eta garbi utzi zuen Nafarroan.

Goenagak ez du bi horiek bezain azkar belarra mozten, baina inork baino txukunago mozten du, eta horrek sekulako garrantzia dauka proba hauetan, abiadura eta txukuntasuna uztartzen baitira, eta ez du balio azkar mozteak bakarrik, txukun ere ebaki behar da, bestela zigorrak etortzen baitira.

Bixente Mitxelenarekin ere beti izan behar da itxaropena, maila handikoa baita, baina aste honetan zenbait arazo izan ditu, eta ikusiko da nola plazaratzen den bihar. Altzo beteranoak ere bosgarren amaitu zuen lehen jardunaldian, eta hura ere ezin da bazterrean utzi. Segalari bakoitzak 100 metro karratuko saila ebaki beharko du.

Emakumezkoetan, Alaitz Imaz izan zen lehen jardunaldiko onena, eta bihar berriro irabaziko balu, txapela ia eskuetan izango luke. Etxaburua da egungo txapelduna, baina hirugarren postuan amaitu zuen lehen jardunaldian. Tartean, Astondoa sailkatu zen. Oraingoan, gainera, badirudi Garin ere parte hartzeko moduan izango dela. Bakoitzak 35 metro karratuko saila moztu beharko du. Gainera, gaztetxoak ere arituko dira, 50 metro karratuko sail bat moztuz, eta amaieran umeek izango dute eurek ere segan badakitela erakusteko aukera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo