GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz | www.elomendia.com

Foruak berriz ere?

 

 

Zalaparta ederra sortu zen duela urte batzuk UPyD foruen kontrako mezuak zabaltzen hasi zelarik. XIX. mendean errepikatu ziren ideiak berreskuratuz, pribilegiotzat hartzen zituzten neofalangistek Araba, Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroaren estatus bereziak. Oraingoan ere, noiz eta Gamazada ospetsuaren urteurrena ospatzen delarik, itzuli da foruen kontrako kanpaina. Eta, jakina, argudio nagusia betikoa da: foruak pribilegioak dira. Oraingoan, berriz, UPyDkoak ez daude bakarrik. Azken mezuak nondik eta Kataluniako PSCko Navarroren aldetik iritsi dira. Abizen ederra gizon honena foruen kontra hitz egiteko, zalantzarik gabe. Baina are esanguratsuagoa da atzematea gaur egun Katalunian bizi den giroan kokatzen direla foruen kontrako mezu hauek.

Duela aste batzuk Enric Julianak «La Vanguardia»-n, Katalunian EAJren jarrerak sortutako haserreaz idatzi zuen. Katalunia soberanistaren kontra Urkulluk jaurtitako «torpedoa» aipatzen zuen. Julianaren arabera, EAJko buruak bat egin du PPko lehendakari autonomikoekin, Kataluniarendako estatus bereziaren kontra. Hala zioen, gainera: «Curiosa geometría. El presidente de la rica comunidad que no aporta nada -o muy poco- a la solidaridad interna española, se alinea políticamente con los dirigentes políticos de las regiones más beneficiadas por la citada solidaridad, lógicamente ansiosos ante cualquier modificación del statu quo, por pequeña que esta sea».

Julianak badu gai honekiko maitasun berezia. Aurretik ere aipatu du bere idazkietan. Iaz hala idatzi zuen: «Un cronista extranjero lo resumiría así: como consecuencia del armisticio de las guerras carlistas del siglo XIX, el País Vasco y Navarra, hoy las dos comunidades más ricas de España, no aportan nada a la caja común, mientras el resto del país se pelea a grito pelado sobre el reparto de los esfuerzos. Los sistemas de cálculo son muy difíciles de descifrar, pero algunos estudios recientes señalan que ambos territorios han sido subvencionados». Behin baino gehiagotan entzun ditut Katalunian sistema foralaren inguruko irakurketa sinple eta erabat kutsatuak. Batzuek sinestarazi diote jendeari murrizketak ez direla CiUren apustu estrategikoaren ondorioak, fiskalitate mailako menpekotasunaren isla baizik. Kataluniak menpekotasun harremana dauka Espainiarekiko, baina, kasu, hori ezin baita erabili hartutako erabakiak ezkutatzeko.

Harrigarria gertatu zait askotan, halaber, independentzia, soberania eta paktu fiskala sinonimo gisa hartzeko asmoa. Gaur egun, zorionez, aldarrikapen independentista indartu den heinean, hainbat mezu bigarren mailara pasatu dira, baina ez dira desagertu. Bartzelonan nengoela, 2012ko Diada erraldoiaren goizean neuk ikusi nuen telebistan Artur Mas itun fiskal berria defendatzen. Areago, manifestaziora jende asko itun fiskalaren alde joanen zela zioen! Ikusiko dugu foruen kontrako kanpaina ahuldu edo areagotzen ote den, baina nabarmena da batzuek Euskal Herria eta Katalunia elka- rren kontra jarri nahi dituztela. Eta gauzak honela, kezkagarria da eztabaida espainiar nazionalismoaren terminoetan planteatu izana, zeinetan pribilegio ideia gako nagusia baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo