GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

ZUZEU, Gorka Salces 2013/6/14

Navarroren kontzertua

Askok eta askok hamaika aldiz galdetuko zenioten zuen buruari: zer gertatu behar da eskuin autonomistak, behingoz, subiranotasunaren aldeko konpromisoa hartu dezan? Bada, erantzuna ezusteko tokitik heldu zaigula uste dut. Izan ere, PSCko idazkari nagusi Pere Navarrok EAEko eta Nafarroako kontzertu ekonomikoak bertan behera uzteko eskatu zuen atzo, «elkartasunaren aurkakoak» direlakoan.

(...) Ñabardurak ñabardura, EAE eta Nafarroako sentsibilitate politiko guztietako ordezkariek kontzertu ekonomikoak defendatu dituzte, PSEkoak zein PSNkoak barne. Oso gai gutxik lortuko lukete hain bat egite zabala.

(...) [Kontzertu ekonomikoak] Burujabetza espazio berreskuratu baten funtzioa betetzen du jende askoren iruditerian. Espainiaren barruan eroso sentitzeko aitzakia itzela: desberdinak gara, foruak ditugu, gure berezitasuna legez onartuta dago. Hemen, autogobernua da hitz gakoa. Finean, intentsitate baxuko kontzientzia nazionala lasaiarazteko bidea, besterik ez.

Estatu-arrazoiaren zaindari leialenetakoa den Ramon Jauregik esaldi bakar batean laburbildu zuen kontzertu ekonomikoaren esanahi politikoa (...): «Inork ez du zalantzan jartzen erro historikoen parte eta hain funtsezkoa den zerbait. Konstituzioaren bidez Euskadi eta Nafarroa Espainiarekin lotzen dituen marko juridiko-politikoaren parte da».

Horrenbestez, Pere Navarroren proposamena aintzat hartzea eta kontzertu ekonomikoak bertan behera uztea erregutzen diet Espainiako agintariei. EAEko jendartean eta, zer esanik ez, Nafarroakoan izango lukeen eragin politikoa ikusgarria bezain azkarra izango litzateke. Oso herri kontserbadorea gara. Ikutuiguzue poltsikoa, eta ikusiko duzue zer gertatzen den.

Bide batez, erasoak nondik etorriko diren badakidalako, esan beharra daukat ez naizela zenbat eta okerrago orduan eta hobe filosofiaren zale, inondik inora ere. Uste dut kontzertua deuseztatzeak ez gintuzkeela hondamendi ekonomikora eramango, benetako burujabetzara gerturatu baizik: Espainiak ematen dizkigun papurren faltan, jende gehienak bere gain hartuko lituzke ogi osoa erosteak ekar litzakeen balizko arriskuak. (...)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo