GARA > Idatzia > Kultura

HAUR ETA GAZTE LITERATURa

Hiria lagun

p054_f01.jpg

Asun AGIRIANO

Tonucci 1997an ezagutu genuen, «La città dei bambini» gaztelaniaz argitaratu zenean. Hiria pentsatzeko beste modu bat aztertzen zuen liburu hartan. Tonuccik ikuspuntu berri eta interesgarria zuen haurren psikologia eta pedagogiaren ikerketan, pentsamendu iraultzailea. Gizartean haurtzaroak duen garrantzia hiri eta herri askotako egituran ahaztuta edo baztertuta zegoela adierazten zuen, eta planteatzen zuen kalea, batez ere, eta zerbitzu publiko asko egokitu eta birpentsatu behar zirela. Proposamen eta adibide ugari aztertzen ziren liburuan, nagusiki, Italian, eta Tonucciren jaioterrian, Fano hirian, mamitu zirenak -60.000 biztanle inguru dituen hirian, alegia-. Tonucci egitasmo ezberdinetan hitza haurrei ematearen aldekoa zen, eta horrez gain, aldarrikatzen zuen proiektu eta esperientzia zehatzetan haurra integratzea: «Haurrekin, emakumeekin, elbarriekin eta adinekoekin ahaztu egin dira hiriak», dio Tonuccik.

Egun, hamasei urte geroago, eraiki diren auzo eta herri berri askotan oso urrun gaude haurren ikuspuntutik. Kaleetan autoek hartu dute toki gehiena, txakurrek parkeak eta gune berde bakanak, harrizkoak izaten dira askotan plazak, eta gero eta urriagoak. Haurra aintzat har dezagun laguntzeko jaio da liburu hau, inolaz ere sinplea ez den zeregina.

Txatxilipurdi elkartea Arrasatekoa da, euskarazko aisialdi hezitzailea sustatzen hamaika jarduera eta ekimen urteetan antolatzen eta gauzatzen dabilena. Liburu hau euskaraz argitaratzea euren arduratik dator, haurrentzat aproposak diren espazioak berreskuratzeko hausnarketak bultzatuta. Liburuak aurkezten dituen ekimenen gaurkotasunaz jabetuta, Euskal Herrian aurrera ateratzeko lanean ari dira.

Emaitzak txikiak dira oraindik, baina etorkizuna eraikitzeko ardura duten pertsona eta karguek -gurasoek, irakasleek, alkateek eta administrazioek- interesa agertu beharko lukete proiektu honetan. Haurrak etxetik bakarrik irteteko proposamenak sinplekeria dirudi, haurra eskolara gurasoen zaintza gabe joatearenak ere bai, baina esperientziak irakurri ahala, zer pentsatua ematen dute. Esaterako, jolas espazioak diseinatzerakoan haurrei ez zaie inoiz iritzia eskatzen, edo eskolak eta ospitaleak gutxitan egokitzen dira haurren gurarietara. Tonuccik alderdi positibo erakargarriak eskaintzen ditu, inguruaz eta bizitzaren kalitateaz hausnartzeko gonbita egiten digu. Guztiagatik bihur daiteke bere filosofia probokatzailea, iraultzailea.

Liburu honen irakurketak barne-indarra sortzen du, belaunaldi berrietan aldaketarako borondatea, kemena eta gaitasuna zabaltzen ari dela ikusten delako, eta baita hiritarrok egin behar dugun ahalegina ere pertsonen jarrerak eta ohiturak aldatzeko eta inguruaren jabe egiteko.

Zuzentzailearen lanari dagokionez, akats ortografiko batzuk antzeman ditugu. Erreferentzia bibliografikoetan, berriz, gaztelaniazko liburuak faltan bota ditugu, askok eta askok hizkuntza horretan ezagutu baikenuen Tonucciren obra nagusia.

Ikasturtea amaitzen dagoen honetan, «Haurren hiria» gogoetarako materiala izan daiteke. Haurrei hitza ematen ez zaien bitartean, helduontzat da liburu hau beharrezko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo