GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

josebe egia

Negozio gara

Ostiral honetan udan sartuko gara, eguraldia oro har bestelakorik erakusten tematuta badago ere. Udarekin batera, urtaro honi dagozkion bereizgarriak ere iritsiko dira: oporraldiak igarotzeko milaka iradokizun, eguzkitik babesteko nahitaezko kanpainak, hondartzen egoeraren gorabeherak, estropadak, Tourra, festak... udak eduki baditu-eta berezko gertakizunak.

Iritsiko da batik bat orain artean baino are indartsuago, emakumearentzako publizitate-iragarki andana, beti bezain bortitz, beti bezain astun. Aurpegiko azalean zimurrak murriztu, disimulatu edo desagerrarazteko kremak (kanpora zahartasunaren aztarnak); gorputzetik gainerako urtaroetan soinean garraiaturiko kiloak, soberako haragi puska zehatzak, zelulitisa, ildaskak eta orbanak bat-batean kanporatzeko produktuak, gehiegikeria bakoitzak berea (onartezina loditasunaren antzeko zantzu oro); adatsa osasungarri, distiratsu eta uneoro perfektu izateko sorta osoa (aurpegi perfektuarentzako ezinbesteko markoa); beltzaran jartzeko, irauteko edo, zuritasun kasurik larrienetan, itxura emateko beste hainbeste... Finean, gizatiar garela erakusten duten arrastoen desagerpenari daude zuzenduta denak ala denak, ezkutatzera bizitza bizi eta jasan egiten dugula, markak uzten dizkigula.

Zorrotzak dira, baina, saltzaileak. Aurkitu zuten duela urte batzuk adin bakoitzari berea emateko formula. Konturatu ziren une batean nabarmenegia bihurtu zela haien estrategia, gezur hutsean oinarrituriko estrategia, alegia, berrogeita hamar urteko emakumeari hogeita bostekoaren itxura ezin zitzaiola gehiagoz saldu; beraz, segmentatu egin zuten publizitatea: disimulatzera edo prebenitzera zuzenduta. Baina ez dute zipitzik aldatu edertasun eredua. Eurek saltzen dutena eta geuk erosten duguna, gutxiago edo gehiago. Eta zertarako aldatu ba, zertarako hasi esaten edertasuna beste kontu bat dela, askoz ere gehiago duela zerikusirik buruan eta bihotzean daramagunarekin, betileak iletsu, beltz eta amaiezin izatearekin baino. Zertarako zabaldu emakume ala gizon izan pertsona guztion gustuak ez direla berberak, ez geure buruari dagokionez, ez besteek erakartzeko orduan. Zertarako atera molde bakar eta zurrun horretatik, emakume desiragarrienari hurbiltzeko ahalegina saltzetik, ematen dituen etekinak kontuan hartuta. Zenbatuko al ditugu zenbat produktu poto diren arestian aipatu horiek? Zenbat euro balio duen «edertasunak» udan bereziki?

Negozio hutsa gara; geure gorputza, geure kanporako itxura, besterik ez zaigu indar berberaz baloratzen. Edozein izanda ere geure lanbidea, geure herrialdea, geure istorioa, lupak alderdi fisikoari erreparatzen dio beti. Lehenik eta behin; horren arabera, baliteke arreta beste zerbaitetan ere jartzea. Negozio honen indargunea, lorpenik handiena, argi daukat nik neuk: lortu dute gu geu, emakumeok, bihurtzea lupa horren eramaile nagusiak. Lortu dute lehen eta orain kontrako borondaterik ez dagoelako, ez delako nahi sustatu emakumearen talentua, ahalmena eta ikuskera. Badaezpada gauzek buelta eman eta mundua geure (ere) egiten dugun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo