GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Xabier Arrieta | Euskal Herriko Ikastolen Ordezkaria

«Duela 30 urte, Amurrion jende gutxik zekien euskaraz»

 

Zer iruditzen zaizu Aresketa ikastolak egindako lana?

Nik azpimarratuko nuke urte osoan zehar Amurrion martxan jarri direla hainbat dinamika. Alkateak esan duen bezala, iaz hasi ziren lan egiten euskararen erabilera eta euskal kultura sustatzeko baliagarriak diren ekimenak antolatzen, eta pasa den ostiralean bukatu dute, egin zen jaiarekin. Horregatik, ez nuke azpimarratuko gaurko eguna bakarrik.

Azken urteetan Araban euskaltzaleen  kopurua biderkatu egin da. Nolakoa izan da euskararen sustapena?

Gaur autoz etorri naizenean Amurriora, bidegurutze guztietan euskaraz egin didate, eta aipatu beharra dago adineko jendea zela. Duela hogeita hamar urte, Amurrion, jende gutxik zekien euskaraz, eta gaur egun erabiltzen da eta gero eta jende gehiagok daki. Eta Amurrio Araba osoaren isla da.

Zer egin daiteke LOMCEren kontra?

Erantzun bat adostu behar dugula aipatu dut diskurtsoan. Baina ez bakarrik ikastolak. Hezkuntza eragile guztiak batu behar dira. Francoren garaian ere gai izan ginen ikastolak sortzeko, eta orain ere lortuko dugu, nola edo ala, LOMCEren inposizioa saihestea. LOMCEk kalitatea hobetu nahi du, baina guk hemen, Euskal Herrian, Europak ezarri dituen kalitate adierazleak betetzen ditugu. Orduan ez dakit zertarako balio duen, Euskal Herria ‘espainolizatzeko’ ez bada.

Aurten Argantzuneko ikastolak hamar urte bete ditu Burgoseko erasoei aurre egiten. Uste duzu Arabako agintariek lagundu beharko lioketela ikastolari?

Bai. Argantzuneko ikastola duela hamar urte sortu zen Jaurlaritzaren diru laguntzarekin. Baina argi dago Hezkuntza Sailak ez daukala konpetentziarik. Agian, epe labur batean Trebiñu Araba izango da, eta orduan Jaularitzak konpetentziak izango ditu baina gaur egun ez ditu. Hala ere, Argantzuneko ikastola aurrera doa, zailtasunak gaindituz, eta euskararen presentzia handitu da ikastolari esker.   

Datorren urtean Araba Euskaraz Lapuebla de Labarcan ospatuko da. Zein da euskararen egoera Arabako Errioxan?

Inkestek adierazten dute Lapueblan gazteak euskaldunak direla. Kontuan izan dagoen eskola bakarra ikastola dela. Hogeita hamar urtetan herriko haur guztiak euskaratu ditu. Horregatik diot nabarmena dela ikastolek euskarari eman dioten bultzada. I.S.Ʊ

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo