GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Egiptoko udaberriak itxaron egin beharko du

Egiptoko udaberria ez da oraindik loratu. Eta ez du ematen oraindik hartarako ernamuinik ere dagoenik. Anaia Musulmanak boterera iritsi eta urtebetera, Mohamed Mursi presidentearen dimisioa eskatzeko manifestazioak istilu larriak bihurtu ziren. Hildakoak, zaurituak ehunka eta hirietako kaleak jendeak hartuta. Atzo lau ministrok dimisioa emanda, Gobernuaren egoera are zailagoa da; nolanahi ere, nahastea nagusi da eta ez da irtenbiderik sumatzen. Egia esan, Mursik eta bere Gobernu osoak dimisioa emango balute ere, irtenbidea ez litzateke erraza, ezta hurrik eman ere.

Mursik hautestontzien zilegitasuna du, bost aldiz berretsia gainera; hala ere, gobernu baten zilegitasuna ez da botoetatik bakarrik sortzen, baizik eta irabazi egin behar du beti ere herritarren beharrak eta borondatea kontuan izanda. Ez dirudi hori Egiptoko Gobernuaren kasua denik, eta kaleko protesta jendetsuak horren isla dira. Nolanahi ere, oposizioaren zilegitasuna ere zalantzagarria da, batez ere Armadari Mursi boteretik kentzeko eskatu ondoren. Egiptoko Armada boterean zegoen iraultza piztu arte, Armada horrek sarraskitu zituen Tarhir plazan Mubaraken aurka matxinatu zirenak eta Armada horrek ez du inongo zilegitasunik. Atzo militarrek herriaren eskaerak asetzeko epe bat eman zuten, baina beraiek ez dira, hain justu, horretarako bermerik fidagarriena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo