GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

komunikatua

ETA-ren agiria Euskal Herriari

 


ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialak aurkeztu dituen gomendioak aztertu ondoren, agiri honen bidez honokoa adierazi nahi dio Euskal Herriari:

1.- Aieteko Konferentziatik hona ETAk hamaika ahalegin egin ditu elkarrizketa bideak zabaldu eta konponbidean aurrera egiteko. Espainia eta Frantziako Gobernuek, aldiz, ez dute erantzun positiborik eman. Konponbide aukerari atea itxi eta gatazka elikatzeko jarreran tematzen ari dira.

Horretan datza bake prozesuak bizi duen blokeoaren arrazoi nagusia.

2.- Espainia eta Frantziako gobernuek orain arte izan duten jarrera ezkorraren gainetik, ETAk uste du gatazkaren ondorioen agendaren gainean Espainia eta Frantziako Gobernuak eta ETAren artean aurrez aurreko negoziazioa abiatzea konponbidean aurrera egiteko biderik eraginkorrena dela, euskal jendartearen gehiengo zabalak horrela babesten duelarik.

3.- Nolanahi ere, egungo blokeo egoera kontuan harturik, arrazoizko konponbidea helburu duen aukera oro aztertzeko jarrera irekia duela adierazi nahi du ETAk.

4.- Era berean, ETA eta Gobernuen arteko elkarrizketak noiz abiatuko zain egon gabe, jendartearen protagonismoa indartzea baikorki baloratzen du ETAk.

Zentzu horretan, bake prozesua bultzatzeko Foro Soziala eta hortik eratortzen diren gomendioen aurkezpena ekarpen eraikitzailetzat hartzen ditugu.

5.- Gomendioei dagokionez, ETAk honokoa adierazi nahi du:

ETAren iritziz, gomendioek gatazkaren ondorioak gainditzeko agendako gaiak biltzen dituzte.

Horregatik, proposamena bere osotasunean harturik, denon konpromisoarekin ondorioen konponbiderako bide-orria adosteko abiapuntua izan daitekeelakoan gaude.

Eduki zehatzaren gainean ETAk bere irakurketa propioa du, ekarpenak, ñabardurak eta baita desadostasun zehatzak ere. Horiek ez dira izango, ordea, gomendioen inguruan ikuspegi eraikitzailetik jarduteko oztopo.

6.- Oro har, gomendioen informeak jendartearen bultzadaren eskutik adostasunetarako espazioak irekitzeko eta blokeotik ateratzeko aukera eskain dezakeela uste du ETAk.

Honenbestez, dinamika horretan murgiltzeko prestutasuna adierazi nahi dugu. ETAk aukerak eskatzen duen ardura eta seriotasunarekin aritzeko konpromisoa hartzen du eta modu berean jokatzeko deia luzatzen die gainontzeko eragileei.

7.- Ondorioz, ETAk honoko urratsak egingo dituela jakinarazi nahi du:

Datozen asteotan ETAk gomendioen inguruan duen iritzi zehatza helaraziko die gomendioen sustatzaileei, edukiari ekarpena egin asmoz.

ETAk gomendioen sustatzaileekin harremanetan jartzea agindu dio bere Ordezkaritzari, beren proposamen eta asmoak entzun eta gomendioen bidetik konponbidean aurrera egiteko egon daitezkeen aukerak aztertzeko.

8.- Amaitzeko, ETAk oroitarazi nahi du gomendioek gatazkaren ondorioak deritzotenak jorratzen dituztela soilik. Bakea eraikitzeko ezinbesteko dena, bestalde.

Konponbide osoa izango bada, baina, gatazka politikoaren zioak gainditzeko behar diren akordioak erdiesteko bestelako elkarrizketa eremuak ere zabaldu behar dira. Egiazko elkarbizitza demokratikoa euskal herritarren hitza eta erabakiari bide emanez eraikiko baita.

Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista!

Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskal Herrian, 2013ko uztailaren 1ean

Euskadi Ta Askatasuna

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo