GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

josebe egia

Festa ostean, biharamun garbiak

Behin baino ez naiz egon Iruñean gaurko egunez, sanferminen osteko lehen egunean, alegia. Txunditu egin ninduen eguerdirako zein garbi zeuden Alde Zaharreko kaleak, hango isiltasuna, nolabaiteko abandonu sentsazioa... eta urdailera zer edo zer eramateko bilaketan hara eta hona mugimendu askatasun osoz ibiltzeko plazerak kontraste bortitza eragin zidan aurreko egunetako estutasun eta sargori fisikoarekiko. Ederra izan zen Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan zehar, inoiz baino hutsago, isilago eta ederrago zeudela, ibiltzea.

Hala egongo dira gaur ere kaleok, eta iruindarrak, baita iruindarrak izan gabe bertan daudenak ere. Dena eman ostean barrenak hustuta, isiltasunean, ajeak eragiten duen mugimendu apaltasunean. Aurreko bederatzi egunetan bizi izandakoak gogoan, beste behin sanferminek merezi izan dutelako zoriona bihotzean. Izan ere, sanferminak barru-barrutik bizitzeak, gau eta egunez giroan sartuta eta giro horren alde lanean ibiltzeak, zenbait ardura hutsik egin gabe beteta eta elkarlanari ezinbestean leku eginda, ez du zerikusirik egunkarietan eta erreportajeetan islatu ohi den argazki nagusiarekin, edo ikuspegi bakarrekoarekin: jendetza parrandan, mozkorkeria, gehiegikeria jaun eta jabe, entzierroak eta zezenak, nazioartekotzea...

Sanferminak hori baino askoz gehiago dira, eta jende askok eta askok jarduten du lanean hori horrela izan dadin. Areago sanfermin parte-hartzaile eta euskaldunak nahi dituztenak, hitz bi horien kontra gobernu tinkoa dagoen lurraldean, bere garaian emakumeen parte-hartzearen inguruan lan egin zen bezala, nahiz eta orduan tradizioekin eta jendartearen ikuspegi matxistarekin borrokatu behar zen. Emakumeek erdiets zezaketen protagonismorik handiena lagunarte bateko amabitxi izendatua izatea zen; alegia, lagunartearen beste ikur bat, pankarta izaten den bezala, izatea, eder, lirain eta irribarretsua. Garai hartatik jauzi handia egin da sanferminetan emakumeen presentziari dagokionez, eta, nik dakidala, behintzat, maila berberean daude lagunarteen egituraren barruan, erabakiak hartzeko orduan, ekitaldiak antolatzeko eta horietan guztietan parte hartzeko garaian, tabernetan, kaleetan eta sanferminek inbaditzen dituzten txoko guztietan.

Hala ere, zenbait jarrera eta jokabide ez dira hainbeste aldatu, gizonena emakumeekiko, eta festetan errazago gurutzatzen da hitz ederren eta irainaren arteko muga, behin eta berriz saiatzearen eta erasoaren artekoa; are nahasiagoa gertatzen da, norberarentzat eta inguruan daudenentzat, zer den festa giroko lotsagabekeria jatorra eta zer den jazarpen onartezina. Jendetza eta alkohola uztartzen direnean, normalean baino erneago, zuhurrago, ibili beharrean gabiltza emakumeok. Horren froga da arnasa hartzen segitzen dugula sexu erasorik gabeko goiz bakoitzean, egunkarien azala izaera horretako berri batek betetzen ez duenean, beste Nagore Laffagerik izan ez denean. Sanferminek hori ez eta bestelako oroitzapenak uzten dizkigutenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo