GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Amets TXURRUKA | Caja Rural RGA taldeko txirrindularia

Erlojupeko atipikoa

 

Erlojuz aurkako etapak espezialistentzako etapak izan ohi dira. Aerodinamika ona eta potentzia handiko gizonen artean egoten da garaipena, baina itzuli handi bateko bigarren erlojuz aurkakoan berdindu egin ohi dira espezialisten eta sailkapen nagusiaren lehian dabiltzan igotzaileen arteko ezberdintasunak.

Aurten, aldiz, bigarren erlojupeko hau ezohikoa izan da ibilbidean bi mendate izan baititu. Honek betiko eskemak apurtu ditu. Espezialistak apur bat jokoz kanpo uzteaz gain, materialaren inguruan kezkak sorrarazi baititu. Bizikleta normalarekin egin igoerak eta gero geldialditxo bat egin erlojuz aurkako bizikleta hartzeko, edota ohiko bizikletari heldulekuak gehitu eta gurpil bereziak gehitu eta aldaketarik egin gabe ibilbide osoa egitea ziren etapari aurre egiteko aukerak.

Gehienek aldaketa egiteko erabakia hartu dute; baina Contadorrek eta Kreuzigerrek, adibidez, irteeran zuten bizikleta berarekin egin dute ibilbide osoa eta hortxe-hortxe ibili dira. Erlojupeko atipikoa baina polita aldi berean. Rodriguez, denborarik onenarekin, podium inguruan azken txirrindularien denborei begira ikustea edota Contador bera Froomen azken pedalkadei begira urduri ikustea irudi ikusgarriak izan dira.

Eguneko irudi bortitzena, gure kasuan behintzat ala izan da, JC Peraud lurrera joan den unekoa izan da. Ivan Velasco taldekidearekin nintzen gelan etapa ikusten, eta gaur goizean erorita lepauztaia zartatuta duela atera dela jakin dugunean hartu duen arriskuaz aritu gara hizketan.

Zoritxarrez, Ivan eta biok sarri bizi izan ditugu antzeko egoerak eta desplazatu gabeko hausturarekin erlojupekoa egitea mingarria izateaz gain oso arriskutsua zela komentatzen genuen. Egoera berdinean egon nintzen 2010eko Euskal Herriko Itzulian Aian lepauztaia apurtu nuenean. Etapa bukatu egin nuen eta biharamunean erlojupekoa egiteko aukera planteatu genuen, baina berriro erori eta guztiz desplazatzeko arriskuaren aurrean ez ateratzea erabaki nuen, nahiz eta mendiko maillota galdu. Peraudek ere Tourreko 10 lehenengoen artean sailkatzeko aukera hori ikusita buruhauste handiak izan arren arrisku hori hartzea erabaki du, baina jaitsieran hankaz gora joan eta lepauztaiaz gain amets eta ilusio guztiak zapuztu zaizkio.

Ivan eta biok ohean etzanda ginen lasai etapa ikusiz atseden hartzen baina erori den une honetan ohetik salto eta garrasi egin dugu! Ezzz! Iraganeko oroitzapen txar guztiak berriz bizi izan ditugu une horretan eta bere lekuan jarri gara, «Arrg! dena pikutara!» pentsatuz. Egoera gogorra. Seguruenetik, iritsiko zaion arren, besarkada bat bidali nahi diot hemendik berari ere.

Bestalde, Froomen nagusitasuna alde batera utzita, oso lehia polita geratu zaigu datozen egunetarako. Podiumaren lehia horretan oso tarte txikiekin daude txirrindulariak eta mendiko hiru etapa ikusgarri oraindik Parisera iritsi aurretik. Ikuskizuna ziurtatuta dago!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo