GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Euskarak erdaren azpitik segitzen duela ahazteke

Euskararen egoerari buruzko ikerketa soziolinguistiko bat aurkeztu berri du Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak. Bere esanetan, EAEn bi hamarkadotan euskararen ezagutza sendo eta erabilera nabarmen hazi dira, Nafarroan oso apal eta Ipar Euskal Herrian euskarak hiztunak galtzen segitzen du. «Interbentzio publikoa non, elebitasun errealagoa han» lege hartuta, erabilera-eremuei dagokienez, «ikaragarri eta eredugarri» hitzekin nabarmendu ditu zerbitzu publikoetan -ez da hainbesterako izango, hala den jakiteko aski baitu Gasteizko Parlamentuko ertzainei euskaraz hitz egiten saiatzea- eta eskolan eman diren aurrerapausoak. Konklusio gisara dio euskara bizpahiru belaunaldietarako salbatua dagoela baina bere bizi-indarraz ezin daitekeela ber gauza esan.

Orokortasunetan aterpe hartzeke, oraingo datu positiboak hamarkada barru okerrera egin dezakete. Izan ere, euskararen benetako egia ezin ezkutatuzkoa baita: erdaren azpitik segitzen du. Eta diglosia mingarri hori gainditzeko interbenitzen bada, muturreko inposizio erradikaltzat joko dute. Errazegi hitz egiten da «elebitasun orekatu» batez. Eredugarri, ikaragarri, sendo, nabarmen... nahi duenak eskuragarri dituen adjektiboak dira. Baina diglosia hor dago eta atzean uzteko errotikako egokimen saioa behar du euskalgintzak. Ez da goiz, ez dadila beranduegi izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo