GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Mendiak batu duena ez dezala gizakiak banandu

San Inazio egunez ospatzen da Urbiako erromeria, Gipuzkoako Goierri eta Arabako Lautadako biztanleak, Aizkorrira igo ondoren, Urbiako zelaietan aspalditik elkartzen dituena. Mugak izan daitezkeenak ezkontzen ditu Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokor eta zaharrak, Erdi Arotik.

p039_f01.jpg

Zumarraunditik tipi-tapa, mendian gora goaz, Urbiako zelai zabaletara garamatzan arabar bidetik. Arroka karstikoan sortutako San Adriango igarobidea, oraindik ere Gipuzkoa eta Araba komunikatzen dituen atetzarra, alde batera utzirik, paraje eder horretara gerturatzeko deia egiten duen harrizko aho handi hori bisitatzeko deia saihestuz, San Inazio egunez urtero ospatzen den Urbiako erromeriara goaz. Bertan elkartzen diren bi eskualdeetako artzainek hasiera eman zioten ohiturari jarraipena ematera.

Eguraldia lagun izan zuen atzo Urbiako zelaietara gerturatu zen jende mordoak. Goiz-goizetik eta bazkaltzeko ordura arte ia, etenik ez zuen izan Aizkorritik zetorren mendizaleen jarioak. Ohitura da, Aizkorri igo eta ondoren Urbiako zelaietara jaistea. Jaitsiera horretan, gero eta ozenago aditu zitezkeen trikiti doinuak zein jendearen zurrumurrua. Behin hara iritsita, txikienek pailazoen emanaldia izan zuten, besteak beste, birziklatzen irakatsi zietelarik. Aldi berean, artzain txakur lehiaketa gauzatzen ari zen.

Bi bertsolari arabarrek kantatu zuten hurrena: herrialde horretako txapeldun Oihane Pereak eta Manex Agirrek. Biek ala biek eragin zituzten jendearen barre algarak. Beste gauzen artean, partzuergoa osatzen duten herrietako alkateek umeei goxokiak botatzeko duten ohitura aipatu zuten; ez dira, antza, oso iaioak horretan. Baita Zumarraundira autoz igotzeko errepidearen egoera tamalgarria ere; Zalduondoko alkatea bera ere konpon dezaten sinadurak biltzen dabilela bota zuten. Edota Urbiara izerdirik bota gabe iritsi zirenak, alegia, bertara oinez joan beharrean «todoterrenoan» joan zirenak.

Leku askotako jendea batu zen erromerian, betiko legez. Urbia hurbil duen Zalduondoko Ainhoa Labeaga, esate baterako: «Ia hamar bat urte daramatzat hona etortzen, egun polita izaten da». Edota Lazkaotik bigarren urtez familiarekin joandako Rosa Bueno: «Gonbidatuta etorri ginen lehen urtean, horrela ezagutu genuen». Aguraindik Urbiara igotzeko ohitura du Raul Perezek: «Iaz oinez igo ginen, baina aurten bidean gora ari ginela lagun batek autoan hartu gaitu».

Badira urteen poderioz Urbian euren txokoa hartua dutenak ere. «Arrasateko siesta gurea» lagun eta familiartean zegoen taldetxoa. Izen horrekin bataiatu zuten urteetan toki berean hartzen duten gerizpea. Zuhaitzean lo kuluxka egiten ageri ziren kide ezberdinen argazkiak jarri zituzten: «Erreserbatuta dagoen gunea bezalakoa da hau», esan zuen barrez Arantzazutik oinez iritsitako Adela Gardokik. Dulantzi, Egino, Araia... asko izan ziren atzo Urbian zita zutenak.

Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorrean gauzatu zen harreman hori Erdi Aroan. Egun, oinordetzan mendiaren jabego hori izaten jarraitzen dute Gipuzkoako Idiazabal, Segura, Zegama, Zerain, eta Arabako Asparrena eta Donemiliaga udalerriek, Zalduondorekin batera. Azken honen partaidetza Asparrenarekin batera doa, bere bidez, azken honi saldu ostean. Hauei dagozkie Altzania, San Adrian eta Urbiako mendiak. Orotara, 2.892,75 hektarea. Partzuergo Nagusi ere izendatzen denak, gainera, Oltzako mendiko belarraren eta uraren ustiaketa egiteko eskubidea ere badu; eta horko zuhaitzen erabilera, aldiz, Legazpiri dagokio 1852tik.

Jabetzan duten herrietako ordezkariek eraturiko batzar baten bidez kudeatzen dira gaur egun lurrak, urtero txandakatzen doan lehendakaritzarekin. Aurten Idiazabali dagokio, eta herri bakoitzeko bi batzarkide daude. Bestalde, herri hauek mendian duten partaidetza ez da berdina: 220 zati dira, eta horietatik 52,75 Segurak ditu; Idiazabal da hurrena, 49,25ekin, eta gero Zegama, 47,16rekin; 16 ditu Zerainek, eta geratzen diren 55ak, Donemiliaga, Asparrena eta Zalduondoren artean banatzen dira proportzio berdinean. Bazkari berezia izan zuten herri hauetako ordezkariek, urtero legez.

Aprobetxamendu komunitario honi era ezberdinetan ateratzen diote etekina bertako herritarrek: ganadua dutenek larreetatik, egurretik eta ehizatik. Azken hau «oso garrantzitsua» dela azpimarratzen du, Partzuergoko lehendakari Ioritz Imazek: «Gu tokiko erakunde bat gara, eta ez dugu fondo foralik jasotzen, beraz gure diru sarrera garrantzitsuena ehizako postuen enkantean ateratzen duguna da».

Ez dago argi jakiterik erromeria honen jatorria zehazki non den, baina gurean batez ere ahoz ahoz transmititu den historiak, askotan kronista interesatuek eginiko idatziek baino egiazkotasun handiagoa izan duen kondairak edo testigantzak baieztatzen duenaren arabera, aspaldian inguruotan bizitza aurrera ateratzen zutenek hasitako jaia da Urbiakoa: «Berez artzainek egiten zuten festa bat zen, eta urteetan tradizio bihurtu dena», aipatu du Imazek. Bera ere San Inazio eguneko festara hutsik egiten ez duen horietakoa da partida doblez, izan ere, Idiazabalgo alkatea ere bada, herrien komunitate hau osatzen duen beste sei herrietako bat.

San Inazio egunean soilik ez, antzina beste egun batzuetan ere egin izan dela aipatzen du Imazek: «Urrian ere egiten omen zen, ganadua menditik jaistearekin lotuta». Jatorri zehatza argitze aldera, ikerketa lanen bat egitea ondo legokeela uste du presidenteak: «Gu geu ere konturatu gara guk ere zehatz ez dakigula nondik datorren, beti izan dela aditu dugunetik». Noiztik ospatzen den ere, «betidanik» entzun dutela nabarmendu du Imazek. «Egia da horren ondoren Partzuergoak hartu zuela jaia antolatzeko ardura, beraz baliteke San Martingo harria bezalako laguntasun jai batean izatea jatorria».

Bertan bakarrik erabili izan den «partzuergo» lokalismoak dakar aurreneko pista. R. M. Azkuek 1906an egindako hiztegian jasotzen den euskal hitza da «partzoneru», «partzuer» edo «parzuer» nafar-lapurteratik eratorritako hitzaren aldagaia, frantseseko «parçonier» (partaide) hitzetik jasoa.

san adriango ituna

San Adrian izeneko lekuko isil eta iluna aukeratu zuten 1430. urtean, herri hauen arteko partzuergoari hasiera emango zion zina egiteko. San Adrian, beraz, bi eskualdeetako herritarren topalekua izan zen. Izan ere, Agurain (Araba) eta Segura (Gipuzkoa) herriak batzen dituen eta 23 kilometroko luzera duen ibilbidean kokatzen da San Adriango tunela, Aizkorri eta Aratz artean. Historian atzera bezala, berdin-berdin ez, baina jarraitzen duena bi lurraldeak elkar komunikatzen. Antzina bezala ez, batera zein bestera joateko igarobide bakarra baitzen aspaldi, erregeak ere makurrarazten zituena, diotenez, inoren aurrean burua ez jaisteaz harropuzten zen Carlos V.a bera, kasu. Izan ere, bakoitza bere tokian jartzen du mendiak. Arabako herri hori ere, Agurain, partzuergoko kidea izan zen, 1916an arrazoi ezberdinak tarteko utzi, eta bere lurrak Idiazabal, Zerain eta Zegamaren esku geratu ziren arte. Erdi Arotik hona gorde den dokumentuek emandako testigantzaren arabera, mendien ustiapen hobea erdiesteko batzarretan ere batzen ziren bi eremuak; beraz, ez soilik erromeria eta festetarako. Dokumentatuta dago, esate baterako, 1430ean egindako batzarra, Gipuzkoako Segura, Zegama, Idiazabal eta Zerain, eta Arabako Agurain, Asparrena eta Donemiliagako ordezkariak bildu zituena: San Adriango 1430eko ituna. Mendiak banandu arren, bidegurutze honek batuta mantendu zuen bi aldeetako jendea. Hain zen garrantzitsua, ezen Goierriko Segura eta Lautadako Agurain herrien gain zegoen igarobidearen zaintza eta mantenua ere Erdi Aroan.     J.C.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo