GARA > Idatzia > Euskal Herria

Uda kanpainaren barnean, 15. azoka egingo du Idokik abuztuaren 9an Ezpeletan

Urtero bezala, Idoki sarean bildutako ekoizleek beren kalitatezko jarduera ezagutarazteko hainbat ekimen prestatu dituzte. Etxaldeetako merkatuekin batera, Ezpeletan egin ohi duten azoka da hitzordu nagusia.

p015_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | URRUÑA

Aurten ere hainbat ekimen antolatu ditu Ipar Euskal Herriko ehun bat baserri biltzen dituen Idoki sareak. Duela hogei urte abian jarri zenetik, abeltzaintzan, laborantzan edo barazkigintzan izan, beren ekoizpenetan kalitatezko araudi zorrotzak jarraitzen dituzte.

Jarduera hori ezagutaraztea, eta bide batez, beren produktuak merkaturatzea du xede urtero egiten duten udako kanpainak. Hala, aurtengo finkatu dituzten hitzorduetan nagusia Ezpeletako azoka izanen da. Abuztuaren 9an, egun osoan, 30 bat ekoizlek beren mozkinak salmentan eskainiko dituzte.

Hasieratik bururaino, etxean egindako produktuen aniztasunaren erakusleihoa izanen da. Ohiko ardi, behi edota ahuntz gasnarekin batera, xerrikiak, ahatekiak, eztia, landare aromatikoak, barazkiak, eta nola ez, Ezpeletako biperra ere dastatzeko eta erosteko aukera izanen da. Baita etxean egindako izozkiak ere.

Horrez gain, bertako ekoizpenekin prestaturiko hamar bat plater aukeran jarriko dituzte bazkaldu nahi dutenentzat. Egun osoan zehar, jai giroa eta animazioa (trikitixa, haurren xokoa, zozketa...) segurtatu direla esan zuten Urruñan egindako aurkezpenan.

Laborariak kostaldean

Hain zuzen ere, herri horretako Xabat-Baita etxaldean etxe-merkatua eginen dute abuztuaren 16an, «kostaldean ere oraindik laborantzatik bizi diren etxaldeak» badaudela erakusteko, besteak beste.

Atzo Nafarroa Behereko Burgue-Erreitiko Brukiza baserrian egindakoaren ildotik, goizeko hamarretatik goiti etxaldea bisitatzeko parada izanen da, hau da, ardiak eta ahuntzen hazkuntzaren nondik norakoez gain, gasna nola egiten eta ontzen duten erakutsiko dute. Kuxkuxtu txarangak eta haurren jokoek, bazkarira arteko tartea alaituko dute.

Laborantza iraunkorra sustatzearen garrantzia nabarmendu dute, berriro ere, Idokiko partaideek: «Harremanak sortzen dituelako, ekonomikoki bideragarria delako, enpleguak mantentzen laguntzen duelako eta espekulazioari aurre egiten diolako». Etxe ekoizpengintzak laborari gazteen instalazioa ahalbidetzen duela ere gehitu dute. Horren lekuko da Xabat-Baitan bertan, ahuntzak hazi eta gasna ekoizteko berriki plantatu den Pantxika Etcheto gazte urruñarraren adibidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo