GARA > Idatzia > Kultura

udate

Txupina ez da oraindik lehertu Gasteizen, baina jaia aurreratu egin zaio

Gasteizko jaiak igande honetan hasi arren, ukituko duten asteburu bakarra da gaur hasten dena. Bi egun lehenago, alegia, atzo, zabaldu ziren txosnek eta Gazte Karpak hasiera emango diote hurrengo ostiralera arte iraungo duen egitarauari. Hiriko tabernek ere dena prest dute.

p051_f02.jpg

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

Atzera kontua hasi da. Andre Maria Zuriaren jaien edizio berria gainean du Arabako hiriburuak eta azken ukituak prestatzen dabiltza han eta hemen. Tabernentzat benetan mugitua izan da aste hau, nonahi edariak, likoreak edota ogitartekoak egiteko beharrezkoak enkargatzen zebiltzan zerbitzariak, jaietan ahora beharrean erdia paparretik behera isuriko diren garagardo botilak deskargatzen garraiolariak...

Izan ere, jaiak ofizialki bihar hasi eta hurrengo ostiralean bukatzen diren jakitun, astegunetan zehar bilduko dutena asteburuan baino gutxiago izango dela aurreikusita, atzo eta gaurko egunari zukua atera nahi diote ostalari gehienek. Oraingoan, mesede egingo die bi egun lehenago zabaltzen den Txosnaguneari. Ez bera bakarrik, orotara, hiru kolektibo dira Gasteizko Udalaren egitarau ofizialetik at egongo direnak: Herrirak antolatutakoa, Txosnagunekoa (eta honen barruan Gazte Karpakoa) zein euskara ardatz duen Geu Elkartearena.

Egitarau alternatiboak

Atzo iluntzean hasi ziren denak. Goizena, Gazte Karpakoa, gazte energiaren adierazle. Sagardo-gerrilla batekin freskatu, eta 20.00etan, Herrirak antolatutako txupinazo urdinarekin bat egin zuten. Iñaki Landa Zeledon ohiak suziria piztu zuen Andre Maria Zuriaren plazan, eta hortik abiatuta kalejiran eman zioten segizioa, txosnak zabaltzeko helburuarekin. Gauean kontzertuak izan ziren.

Gaurkoan, Entxosnazio Egunean, Xabier Silveira, Uxue Alberdi, Iker Zubeldia eta Unai Iturriaga arituko dira bertsotan, 13.00etan. Gauean, aro berriko euskal abestiekin gozatuko dute belarria txosnetara hurbiltzen direnek, Akerbeltz talde gaztearekin. Ia lau orduko emanaldi hau bukatu baino lehenago, aldi berean Arty Shot DJak bazterrak nahastuko ditu bere musikarekin. Musikaz gozatzen ez dutenek, edota dantzatzeko lotsaz direnek ere primeran pasatzeko aukera izango dute. Izan ere, jai egun guztietan zehar, kontzertuez gain umeen pare gozatzeko ekintzak antolatu dituzte txosnetan. Gaur, esate baterako, apar festa eta zezen mekanikoa izango dira. Edo aldrebes, zezenean izerditu eta gero aparrarekin freskatu.

Gazte karpan, berriz, umeentzako antzerkia izango da 19.00etan eta 22.00etan Oppium arituko da. Afari feminista ospatuko dute ondoren, 22.30 aldera; eta goizaldeko 03.30ean, Azpeitia aldetik iritsiko da Egurra ta Kitto taldea.

Ez dira txosna bakarrak. Geu elkarteak urteak daramatza gure hizkuntza ardatz duen egitarau fina osatzen. Aihotz plaza izango da hirian euskalduntasuna barreiatuko duen epizentroa, eurek «Euskal Txokoa» deitzen dutenetik. Ohiko bihurtu dira eguerdiko bertso emanaldi atseginak, zein gaueko abeslari edo talde euskaldunak, bertan kontzentratzen da Udalak antolatutako egitarautik euskaraz dena. Hala, hilaren 5ean, Eñaut Elorrieta izango da bertan bere «Deserriko kantak» aurkezten. Hilaren 6an, Antton Aranburu, 5ean Gose, eta 7an, berriz, Gozategi taldea.

Beste behin, bertan ezarriko du Geu Elkarteak bere txosna. Pintxo bereziak eta bokata «mundialak» iragarri dituzte, baita euskara edatea ahalbidetuko duen «Euskarapotea» txupito miragarria ere. Beste gauzen artean, euskaraokea eta euskal bideoklip martxosoak programatu dituzte. Eta hilaren 8an, egitarau berezia prestatu dute, «Eukaraz bizi topa!» delakoa tartean, euskaltzaleen argazki erraldoia ateratzeko baliatuko dutena. Txupinazo egunean, bestalde, Anje Duhalde gaueko hamabietan, eta On taldearen emanaldia goizeko ordu bietan izango dira. 03.30ean, ostera, karaokea.

GASTEIZKO ANDRE MARIA ZURIAREN JAIAK
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo