GARA > Idatzia > Kultura

udate | Etxarriko jaiak

Etxarrin, Zorri Azoka antolatu dute herriko jaien atarian

Etxarriarrek, gaur hasiko dituzten jaien irrikaz, lehenbiziko Zorri Azoka egin zuten atzo. Sakanako ekoizle eta artisauek euren produktuak ezagutzera emateko aukera izan zuten bertan.

p053_f02.jpg

IGARA | ETXARRI ARANATZ

Jaien aurreko azken egunean lana dago edozein herritan, baina atzokoan, edozein lekutan festen aurrean sortzen den giro hori aprobetxatuz, lan gehiago egin zuten Etxarri Aranatzen. Azoka sozial bat eraiki dute herrian, bertako eta bailara guztiko ekoizle eta artisauek euren produktuak ezagutzera eman eta erosleekin kontaktuan jartzeko asmoz.

Sustatzaileen ideia proiektu honi jarraipena ematea da, eta hilean behin egitea merkatu hau. Bertako produktuez gain, Sakanaldeko jendea mugitzea du helburu ekimen honek, sakandarren arteko topagune bat sortuz. Era honetan, hainbat erakundek euren produktuen berri emateko aukera ere izanen dute, eta gerturatutakoek produktuen sortze prozesua ere ezagutu dezakete. Eta dena ez da produktuetara mugatuko, arte adierazpenek ere bere tartetxoa izanen dute-eta. Atzo, adibidez, musikaz zuzenean gozatzeko aukera izan zen. Hurrengoetarako, antzezpenak, hitzaldiak edo arte erakusketak egitea ere buruan dute antolatzaileek.

Sakanako ekonomia nahiko jipoituta dago azkenaldian. Nahiz eta kanpoko jendea ere etorriko den gonbidatu moduan, bai ekoizle bai artistak, bailarako produktuak bultzatzea da jomuga. Hori guztia, sustatzaileek jakinarazi dutenez, ingurumena zaindu eta errespetatuz egin nahi dute.

Antolatzaileek hilero jarraipena egitea lortuko balute, herriko taberna, denda eta bestelako negozioetarako ere ekarpen positiboa eginen lukete, bultzada on bat jasoaz eta ekonomia suspertzeko aukera sortuz.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo