GARA > Idatzia > Ekonomia

Donostiako Sustapenak 80.000 euro bideratuko ditu kontsumoa suspertzera

SShops merkatarien elkartearekin sinatutako hitzarmenaren bidez, Donostiako Sustapenak 80.000 euro zuzenduko ditu tokiko merkataritza indartu eta enplegua sortzera. Guztira 2.955 saltoki daude Donostian, eta, krisiak eragin dien arren, hiriko lanpostuen %9,4 sortzen dituzte.

p023_f02.jpg

GARA |

Ekonomia Suspertzeko Planaren barnean, akordio berria sinatu du aste honetan Donostiako Sustapenak, kasu honetan, SShops merkatarien elkartearekin. Tokiko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzea eta enplegua sortzea izango ditu helburu eta 80.000 euroko diru laguntza emango du horretarako Donostiako Sustapenak. Izan ere, krisiaren eraginez emandako kontsumoaren jaitsierak bereziki kolpatu du merkataritza sektorea.

Donostian, 2.955 saltoki daude guztira eta hiriburuko lanpostuen %9,4 sortzen dituzte, 8.400 langile inguru. Euken Sese Donostiako Sustapeneko gerenteak azaldu zuenez, azken urteetan behera egin du sektoreak, eta merkataritza txikia izan da kaltetuena. Horrela, 2012. urtean, 155 bat saltokik itxi zituzten ateak, 200 lanpostu inguru galdu zirelarik. Ostera, urte berean 140 saltoki berri ireki ziren.

Hitzarmenaren sinadura ekitaldian, Josu Ruiz Sustapeneko zinegotziak eta Esteban Gonzalez SShops elkarteko lehendakariordeak elkarlanaren balioa nabarmendu zuten eta itunari esker sektorea indartzeko programa berriak abiatu ahal izango direla gaineratu zuten.

Besteak beste, belaunaldi aldaketa ahalbidetzea, teknologia berrietan alfabetatzea, kudeaketa eta lehiakortasunaren hobekuntza bermatzea, merkataritzaren dinamizazioa eta elkartegintzaren sustapena bultzatu nahi ditu hitzarmenak.

Beste helburu bat merkataritzako hiri ingurunea suspertzea da. Horretarako, erosketa eta aisialdiko guneak sortuko dira, besteak beste, oinezkoentzako kaleak garatuz edota irisgarritasuna hobetuz.

Aurreikuspen txarrak

Aurreko urtean emandako saltokien itxierak ikusita, aurten ere ez dute balantze baikorra espero sektoreko arduradunek. SShops elkarteak 750 bazkide dauzka guztira eta Esteban Gonzalezek aitortu zuenez, sektorek «une zailak» bizi ditu. Azken hilabeteak «bereziki txarrak» izaten ari direla ohartarazi zuen Gonzalezek; hala, «ixtera behartuta» ez diren dendek «nekez» eusten diotela ohartarazi zuen.

Hori dela eta, Ruizek eta Gonzalezek ezinbestekoa ikusten dute integrazioa eta lankidetza bilatzea hiriko saltoki, eragile sozioekonomiko eta langabeen artean, baita hiriko egitura ekonomikoa sendotzeko neurriak garatzea ere.

8.400 langile

Donostiako Sustapenak emandako datuen arabera, 8.400 bat langile barnebiltzen ditu merkataritza sektoreak hiriburuan, enpleguaren %9,4 inguru.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo