GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Irailetik aurrera...

Abuztua. Hil arraroa gero!. Ordura arte mugimenduan zena gelditzeko hila. Ordura arte geldi zegoena usteltzekoa. Hilabete aproposa politika ofizialean agerral- diak egiteko, ezhila baita, hutsaren parekoa, eraginkortasunik gabea; urtearen gainontzeko hilak behintzat eragingai- tzak izaten dira!. Tira, abendua ere izaten da eragingabea, hilaren hasieratik azkenerainokoa. Hortaz, abuztua udako abendua da. Abuztua hil hila, edo. Irteera operazioaz hasi eta etorrera operazioz amaitzen den hilabete ofiziala. Baina nago ni, leku batzuetako irteera operazioak beste leku batzuetako etorrerakoa beharko lukeela esan. Non sartzen dira bestela ateratzen diren horiek!. Hala ere, harrigarria bada ere, egunkariek segitzen dute testua izaten, abuztuan; eskeletatik haratago.

Horra! karobia piztu dute Gorbeiaren magalean, baselizaren ondoan. Hotza omen da Elizan, aita santu berriaren asmoak argitu artean. Batzuek hasita dagoz pentsatzen aita santu transgenikoa ote den!. Hara! azkenean argitu da futbol katedralaren arku zer horrena: Gipuzkoara eroango dute, hango errepide-sarea arkupean ipintzeko. Ama, ama! bero abiatuko bide da urte politiko ofiziala!. Zaborra erretzeko biderik ez eta errepideetan bidesari!. Ez naiz ni profeta, izatekotan erdaraz idatziko nuke, baina ez dut uste bidesari kontuan armonizazioa etorriko denik epe motzean historiak utzitako lurraldeetara. Atez atekoan ere ez, epe motzean behintzat, oraindik ere agintari asko baita suaren garbitzapenean fede transgenikodun. Amen. Fiskalean ere ikusteko dago armonizazioa izan daitekeen ala ez. Zaila gero euskal herritarrok armonizatzea!. Eskerrak inguruko Estatuek dekretuz armonizatzen gaituztela!. Iparraldekoek hegoko errepideetan izandako isunak ordainduko dituzte, eta alderan- tziz. Eskertzekoa da behingoz mugaz gaindiko politiketan abiatu izana Estatuok. Hori bai, erdaraz ordainduak izango dira, euskal moneta ezin baliatuta.

Bitartean, Ajuria Eneako maizterrak negoziatzen segitzen du, abuztua izanda ere. Dezima bat da kontua. Benga, eskegi zuk, ez zuk... Ditxosozko defizitaren mugan dezima bat negoziatzen, erregutzen hobeto esanda. Agintea non, erregua hara. Giza-gorputzen osasuna ere dezimatan neurtzen da. Boterearena ere. Termometro adierazgarria egungo erakundeena. Hotza nagusi. Karobiak beharko!. Irailetik aurrera...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo