GARA > Idatzia > Kultura

Udate | Etxarri Aranatzeko jaiak

Lagunartean jan, edan eta mozorrotzea, Kuadrillen Egunerako plana Etxarrin

Jaiak lagunekin elkartu eta ospatzeko egunak dira, eta, horregatik, egun berezia eskaini ohi diete kuadrillei Sakanako herrian. Egun guztirako plana prestatu dute: auzatea, buruhandiak, bertso saioa, bazkaria eta kalejira. Konpainia onean ekinen diote asteari etxarriarrek.

GARA | ETXARRI ARANATZ

Asteburua igarota, festa nahikoa egin dute dagoeneko Etxarri Aranatzen, baina indarrak oraindik bete-betean daude Sakanako herrian. Ostiralera bitartean, eta gaurtik hasita, aukerak ez dira faltako indarrak erretzen jarraitzeko.

Gaur, herriko biztanle askorentzat, batez ere gazteentzat, jaietako egunik bereziena dena ospatuko dute etxarriarrek. Kuadrillen Eguna da herriko gazteek gogoz itxaroten duten egunetako bat, goizean goizetik jan eta edateko plana ziurtatuta dute-eta. Lehen ordutik herriko tabernetatik itzuli bat eman eta motorra berotzen hasten dira lagunartean, gorputza martxan jartzeko guztiz beharrezkoa. Gosaria, pare bat trago eta prest egunari indarrez ekiteko. Euskal Herrian ez dago janaririk gabeko jai egunik, eta gaurkoa ere mahai inguruan gozatzeko data da. Lehenbiziko tragoen ostean, tripak oihuka hasiko zaizkienerako kuadrilla bakoitzak txokoren bat bilatu eta arratsalde luze bati ekiteko bazkari potentea hartuko du. Arratsaldea luzea da eta ongi jan beharra dago lagunek markatzen duten erritmoari duintasunez eutsi nahi baldin bazaio.

Mozorrotu eta kalejira

Bazkalostea luzatu eta ardo on batez lagundu ostean, kuadrillek ohiko gaztetxeko igoera burutuko dute. Aurrez, herri mugimenduak karpan sorpresa bat prestatuta duela iragarri du. Arratsaldeko zazpietarako lagun kuadrillak deituak daude gaztetxean, bertan igoerari ekiteko. Lagun talde bakoitzak mozorroren bat atera beharko du armairuaren azken txokotik, pankarta hartu eta txarangaren erritmoari jarraiki herriari itzulia emateko. Era guztietako mozorroak ikusteko aukera izango da, denbora luzean pentsatu eta prestatutakoetatik hasi eta azken orduan eta bazkariko inspirazioak lagunduta atondutakoetara. Ikustekoa izanen da. Jaien hirugarren egunean irudimena esnatzea ez da lan makala izanen, eta, hala, aurreko asteetan lana ez aurreratzearen ordaina batek baino gehiagok jasanen du.

Jatea, edatea eta dantzatzea, horixe da etxarriarren egitaraua astelehenerako. Dudarik gabe, jai giroa guztiz ziurtaturik dute. Gauean, oraindik indarrik baldin bada, Drindots taldeak jarriko du musika plazan. Talde horrek eskaintzen duen musika euskalduna beharrean beste zerbait nahiago izatekotan, karpan Kubatik iritsitako Las Dos D taldeak gerriak dantzan jartzea ziurtatzen du. Planik ez da faltako, horrenbestez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo