GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Grenet familiaren agintaldia Baionan

55 urte luzeko historiaren «liburua ixteko» ordua

2014ko martxoan emanen zaio amaiera 55 urtez Baiona markatu duen Grenet familiaren agintaldi luzeari. Henrik eraiki zuen «dinastia» 1959ko herriko hauteskundeak irabaziz. 1993an, Jean semeari eman zion lekukoa.

p004_f01.jpg

Ainize BUTRON

Udal bateko buruan pertsona bakarra bi edo hiru hamarkadatan zehar ikustera jada ohitu bagara ere, oraingoz behintzat guztiz ezohikoa da Grenet familia bezalako «dinastiak» aurkitzea. 2014ko martxoko herriko hauteskundeekin, baina, Baiona azkarki markatu duen Grenet familiaren izena agintaritzatik desagertuko da 55 urte eta gero, eta, horrekin, Lapurdiko hiriburuko historian liburu berri bat zabaltzeko garaia iritsiko da. Hori bai, Jean-Rene Etchegaray (UDI, Modem), Jean-Claude Iriart (EH BAi), Sylvie Durruty (UMP) eta Henri Etcheto (PS) hiriko agintaritza hartzeko lehian sartzekotan diren honetan, Grenet familiaren eta Baionaren arteko lotura aipatzea ezinbestekoa da. Eta, noski, Jean Grenet egungo auzapeza bi hamarkadaz hiriko jaun eta jabe nola izan den ulertzeko, ezinbestekoa da Henri Grenet bere aitaren ibilbidearekin hastea.

Luzaroan Baionako «Kutzu» aldizkari satirikoan aritzeaz gain sei urtez hiriko hautetsi abertzale izandako Gisele Lougarot idazleak, argi eta garbi du: «Grenet dinastia, lehenik eta behin, aitaren inperioarekin eraiki zen». Bordele ondoko Begles herrian sortu zen familia xume batean Henri Grenet. Anbizio handiko gizona izanik, Bordeletik Baionara 1936an heldu bezain laster, Lougarotek aipatutako «inperioa» eraikitzen hasi zen.

Ogibidez mediku kirurgikoa zen Henri Grenet, eta, Lapurdiko hirira heldu ondoren, Paulmy klinika sortu zuen. Handik gutxira, berriz, Aviron Bayonnais errugbi taldeko buruzagitza hartu zuen. Errugbian eta medikuntzan egindako bideari esker lortutako ospea oinarri, Grenet Baionako alkatetzara aurkeztu zen 1959an garaiko Alderdi Sozialistaren gerizpean. Maurice Delay sendagileak dimisioa eman berri zuen, eta, ondorioz, hiria bitarteko agintari baten agintepean zen. «Leku bat zegoen hartzeko, eta, noski, Grenet egoeraz baliatu zen», nabarmendu du Lougarotek. Horrenbestez, urrutiko 1959 hartan hasi zen Baiona bost hamarkada eta erdiz markatu duen «historia luzea». Denborarekin, interes politikoak medio, sozialisten babesa utzi eta UDF garaiko alderdi zentristara pasa zen Grenet.

Henri Grenet 1995eko apirilaren 14an zendu zen, hots, Jean semeari bere azken agintaldiaren erdian auzapez kargua eman eta bi urtera. Bere belaunaldiko agintari guztiek bezala, Henri Grenetek boterea azken unera arte atxiki zuen; azken agintaldia hasi zuenerako, gurpil aulki baten beharra zuen.

Zerk eragin du, baina, Grenet aita-semeak Baionako agintean 55 urtez mantentzeko gai izatea? Arrazoiak anitzak dira, eta, GARAk erreportaje honetarako elkarrizketatutako pertsona ezberdinek, Grenet sendiaren agintaldia hainbeste luzatu izanaren gakoak azaldu dituzte. CFDT sindikatuko kide eta etxebizitza sozialen aldeko militante sutsu izandako Michel Mentak, 1966an, PACT-HD egitura sortu zuen militante multzo batekin. Baionako etxebizitzak eraberritzeko eta etxebizitza sozialak eraikitzeko sortu zuten egitura, eta, Menta politikoki Alderdi Sozialistatik hurbil bazegoen ere, estuki lan egin zuen Henri Grenetekin, baita ostean Jean semearekin ere. «Henri Grenet auzapez egin zelarik, hiria osoki utzia zen, hiri erdiko etxeak guztiz suntsituta ziren. Egoera ikusirik, beste edozein auzapezek zentroa hondatu eta berreraiki egingo zuen. Henri Grenetek, berriz, gure egitasmoarekin bat egin eta errotik lagundu gintuen», nabarmendu du. Mentak Grenet familiak hiriarentzat egindako lana txalotzen du. «Etxebizitza sozialen arloan lan ikaragarria egin dute. Urtetan, Baionan etxebizitza sozialen kopurua %21ean mantendu dute», gehitu du.

Kontuan izan behar da Henri Greneten agintaritza obra handiek ezaugarritutako garai batean hasi zela. Bigarren Mundu Gerraren ostean biztanle emendatze handia izan zen Baionan, eta, auzapezak, hirigintza egitasmoetan bermatu zuen bere hiri proiektua. ZUP auzoa izan zen garai horretako proiektu esanguratsuenetariko bat. «Askotan Grenetarrei proiektu zehatzik ez izatea leporatu zaie. Ez dut sekulan iritzi horrekin bat egin, parekoek ez baitute sekulan proposamenik egin», gehitu du Mentak. Izan ere, Baionako beste hainbat herritarren iritzi berekoa da Menta: ez du etiketa politikoak egiten udal agintari bat ona edo txarra izatea. «Ez da sekulan izan Grenet familiaren parean maila oneko oposiziorik, Nicoles Pery izan ezik», bukatu du.

Luzaroan Jean Greneten aurkako oposizio sozialistako kide izan ondoren, 2008an Greneten zerrendan aurkeztea erabaki zuen Martine Bisautak. Michel Mentak egin bezala, Grenetek parez pare sekulan ez duela «oposizio sinesgarririk» izan nabarmendu du, salbuespen bakartzat Alderdi Sozialistaren eskutik Frantziako estatu idazkari izandako Nicole Pery aipatuz berak ere. «1983. urtera arte ez zegoen legez oposiziorik Baionaren neurriko hirietan. 1995ean, berriz, oposizio sistema orokortu zen, eta, Jean Grenet lehen aldiz hauteskundeetara aurkeztu zelarik, zail izan zuen irabaztea, Nicoles Pery zuelako parean», argitu du. Aldiz, hauteskundeen ostean Frantziako Gobernuan kargua eman ziotelarik, Baionako Herriko Etxea eskuratzeko lehia uztea erabaki zuen Peryk, aldaketaren aukera gaur arte etenez. Hori dela-eta, Lougarotek, honakoa nabarmendu du: «Henri Grenetek izaera azkarra zuelako lortu zuen agintean mantentzea. Jean Grenetek, berriz, aitari eta sozialistei esker». Populista, emakume zalea, herrikoia, Jean Grenetek aitaren ibilbide berdintsua izan du. Mediku kirurgikoa izan zen bera ere hogei urtez, eta, aitak egin bezala, auzapez izan aurretik Aviron Bayonnais taldeko buru ere izan zen.

Babes sare indartsua

Grenet familiaren boterea urteotan sortutako babes sareari esker mantendu dela erran ohi da. Behin baino gehiagotan, Henrirekin hasi eta Jeanekin indarrean jarraitu duen «Grenet sistemaren klientelismoa» salatu izan du oposizioak. «Greneten dinastia oso faktore gutxik mantendu dute. Boterea hartu bezain laster dosierrak lantzeko gaitasuneko gizonak zirela ikusi da, baina, ez dute zinezko proiekturik izan hiriarentzat», salatu du Lougarotek. Egitasmorik izan gabe ere, boterea indartzeko beharrezkoa den sarea lantzen jakin dutela argitu du idazleak. «Lekutu bezain laster Grenet sistema martxan jarri zen. Herri egitura guztiak sistema horren barne izan dira eta babesa eman diote. Errugbiaren, zezenketa elkarteen eta medikuntzaren munduei esker, sare hori indartu eta lehia oro baztertu dute. Zentroa, ezkerra eta baita eskuina bera ere anestesiatuak izan dira», bukatu du Lougarotek.

Bisautaren eta Mentaren iritziz, aldiz, herri mailan «auzapezarekin harremana afektiboa» da. «Grenet humanista bat da, ez da eskuineko erradikal horietarikoa, eta Baionarekiko benetako pasioa izan du betidanik. Izaera horri esker Jean Grenetek bai ezkerreko bai eskuineko bozak bereganatu ditu», argitu du Bisautak. Greneten izena aurki agintaritzatik desagertuko bada ere, Henri Etcheto Jean Greneten ilobak boterea eskuratuz gero, familiak agintean jarrai lezake.

800

Baionako Udalak 800 langile ditu guztira. Henri Grenetek 1959an udal agintea hartu zuenetik, bere sendiko hiru belaunaldi ezberdineko kideak aritu dira udal zerbitzu ezberdinetan lanean, Grenet familiaren boterea sendotuz.

Gehiengoaren menpe

Hauteskundeetan emaitza onena lortzen duen zerrendak udal hautetsien gehiengo osoa eskuratzen du, oposizioari leku bakan batzuk bakarrik utziz. «Sistemak agintean hil zorian egon arte jarraitzeko aukera ematen du gainera», azaldu du Gisele Lougarotek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo