GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Alkateak zezenketen aurkako mobilizazioak debekatu izanak haserrea eragin du Baionan

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Baionako urteroko zezen feriak kalapita sortu du aurten ere. CRAC, Euskal Herria Bayonne Anti Corrida, PETA eta Brigitte Bardot Fundazioa kolektiboek, zezenketen kontra dauden beste hainbat talderen sostenguarekin, manifestazioa deitu zuten gaur, 14.30erako, Baionako udaletxeko plazan. Alta, ustekabean jakin berri dutenez, Baionako auzapezak, dekretu baten bidez, korridak izango diren zortzi egunetan zezen plazaren inguruetan manifestazioak egitea eta eskuorriak banatzea debekatu du. Aipatu dekretua uztailaren 23koa bada ere, bi aste geroago izan dute horren berri. CRAC taldearen arabera, Jean Greneten agindua «neurriz kanpokoa da, adierazpen eta manifestatzeko askatasunak zuzen-zuzenean urratzen dituelako».

Gainera, Patrik Dallennes suprefetak berak dekretuaren legezkotasuna zalantzan jarri omen zuen, «manifestatzeko debekuaren ordu tarteak ez baitziren aski zehaztu». Hori dela eta, Herriko Etxea dekretu berri bat egitekoa da ñabardura guztiak jasoz. Bere aldetik, Jean Grenet alkateak adierazi du «zezenketen aldekoen eta kontrakoen artean balizko iskanbilak ekiditearren» hartu duela manifestazioak debekatzeko erabakia.

Alde administratibo-juridikoak gorabehera, CRACek Paueko auzitegira jo zuen, arestian aipatutako argudioetan oinarrituta, urgentziazko salaketa bat ezartzeko. Atzo bertan jakin zen auzitegiak atzera bota zuela zezenketen aurkakoen eskaera. Berehala Estatu Kontseiluan helegitea ipini zuten, eta, hala, gaur goizean erantzuna izatea espero dute.

Deialdia mantendu dute

Ebazpena dena delakoa izanda ere, manifestatzeko deialdia mantentzen dutela segurtatu zuen atzo Carole Saldain Euskal Herria Anti Corrida kolektiboko bozeramaileak: «Aurreikusi bezala, Herriko Etxeko plazatik 14.30ean abiatuta Baionako karriketan manifestatuko gara. Beharbada zezen plazara inguratzen garelarik geratu egingo gaituzte. Gu, gure adierazpen eskubidea era baketsuan egikaritzeko, negoziatzen saiatuko gara».

Aurten, Estatu frantsesean egindako lehen zezenketaren 160. urtemuga eta zezen plaza finkoaren 120. urtemuga ospatuko ditu Baionak. Zezenketen abolizioa eskatzen dutenek, ordea, «lotsaizunaren urtemugak» direla deritzote. Krisi ekonomikoa «ondorio larriak eragiten ari den honetan, diru publikoa antzeko basakerietan xahutzea are eta lotsagarriagoa» iruditzen zaie.

2011n, 415.000 euroko defizita sortu zuten korridek Baionan. Iaz, berriz, 50.000 euroko superabita izan zuten zazpi zezenketa beharrean lau bakarrik egitea erabaki ostean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo