GARA > Idatzia > Kultura

Udate | Leitzako jaiak

Leitzan gaur hasiko diren jaietan, musika, jolasak, eta pilota partida profesionalak

Arratsaldeko seiak arte ez dute piztuko jaien hasierako suziria, baina gogoari ezin eutsiz, eta ohitura den moduan, iragan asteburutik dabiltza leitzarrak motorrak berotzen. Reparto Egunak eta Haurren Egunak balio izan die egunotan izanen duten erritmora moldatzen joateko.

p052_f02_52242.jpg

Aitor AGIRREZABAL | LEITZA

Leitzarrek gaur hasiko dituzte herriko jaiak, 18.00etan udaletxetik jaurtiko duten txupinazoarekin. Urte osoko prestaketa lanak datozen sei jai egunetan izango du isla Leitzan.

Larunbatarekin batera hasiko dira, beraz, festak, eta horrek inguruko jende asko gerturatzea ekarriko du. Egun jendetsua izan ohi da larunbata Leitzako jaietan, eta lehen eguna izaki are eta lagun gehiago hurbilduko dira. Bisitarien gogoa bertako jendearen grinarekin nahasita, jaia ziurtatuta dago.

Hala ere, herrikoak ez dira gaurko egunaren esperoan egon. Iragan astean, ohitura bihurtu den Reparto Eguna egin zuten. Jaietako egitaraua banatzearen aitzakiarekin, festak astebete aurreratzen dituzte. Gaur zortzi izan zen hori, eta igandean Haurren Eguna ospatu zuten, puzgarri, joko edo buruhandiekin. Gaur ere, leitzarrak ez dira txupinazoaren zain egonen. Eguerdian, kuadrillen arteko herri kirolak izanen dira, bazkalaurretik gosea egiteko asmoz. Ordu bietarako herri bazkaria antolatu dute karrapean. Mahai inguruko giroa musika doinuekin alaituko dute.

Arratsalderako, eta behin jaiak ofizialki hasita daudela, kaleak txarangek jarritako musikaz, txistulariz, erraldoi eta buruhandiz josiko dira, haurrek ere beren tartea izan dezaten. Gauean, Trikidantz taldeak alaituko du plaza, trago eta trago artean dantzatzeko parada aparta eskainiz. Aldi berean, Atekabeltz gaztetxean kontzertuak izanen dira. Gustu bakoitzak bere aukera izanen du Leitzan.

Gaur hasi eta ostirala iritsi bitartean ez da aspertu ez atsedenerako betarik izanen Leitzan. Bihar eguerdirako, ohiko ezpata-dantza dago iragarrita eta gauerako ingurutxoa. Bi hauek ezin dute Leitzako jaietan hutsik egin. Baina ez da dena musika eta dantza izanen, kirol ikuskizunak ere tarte garrantzitsua izanen du egun hauetan. Herri kirolek ere gozatzeko parada ederra emanen dute. Frontoian, etxeko Jon Jaunarenak eta Abel Barriolak, Titin eta Merino, duela bi urte binakakoan txapeldun izan zirenak, hartuko dituzte astearte arratsaldean. Horiez gain, egun berean baina eguerdian, Aurrera pilota eskolako neska palistak ere arituko dira herriko frontoian. Bertso saioak, txakoli dastatzeak eta sardina jateak ere euskaldunon ohiturak asetzeko aukera emanen dute.

Asteazkenean, jaien amaiera aldera, egitarauko hitzordu esanguratsuenetako bat: Talco ska talde italiarrak gauean plazara hurbiltzen den oro saltoka jarriko duela ziurtatu du.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo