GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Nadine Gordimer

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

1991n jasotako Literatura Nobel sariak nazioartean ezagun bilakatu zuen Nadine Gordimer (Hegoafrika, 1923), baina ordurako ibilbide nahikoa esanguratsua egina zuen idazleak. Kazetariek jakin nahi izan zuten nola sentitzen zen hain sari preziatua jasota. Berak zera erantzun zien, poztekoa zela besteek bere lana aintzat hartzea, baina zintzoa izatekotan ez lukeela hura bere bizitzako egunik zoriontsuena kontsideratuko. Kategoria hori 1986ko gertakari batek soilik merezi zuen: ustez nazioari traizioa egiteagatik heriotza zigorrera kondenaturik zeuden bi pertsonen alde deklaratu zuenekoak.

Giza eskubideen defendatzaile sutsua, Hegoafrikarentzat bestelako errealitate bat gura dutenen sostengu bilakatu da Gordimerren literatura. Esaten dutenez, Nelson Mandela aske utzi zutenean, Gordimer zen politikariak ikusi nahi izan zuen lehen pertsonetako bat. Ez zuten elkar ezagutzen, ez zuzenean bederen, nahiz eta Sophiatown eta Soweto-ko mugimenduek indarra hartu zuten garaian giro berean mugitu ziren biak.

Berea momentuko problematikaren, hots, lege arrazialen eta Apartheidaren inguruan egituraturiko literatura zenez, behin egoera hura gaindituta idazteari utziko ote zion galdetu zioten Gordimerri. «Apartheid-aren desagerpenak ez du bizitzaren amaiera ekarriko; bestelako bizimodu baten hasiera baino ez da izango», esan zuen orduan. Egiazki, Hegoafrikan sistema politiko berria ezarri zenetik hona argitaratu dituen liburuetan ezin hobeto frogatu du oraindik badirela irabazi beharreko esparruak. Horregatik, gizakiak eta munduak hamaika fronte irekita dituztelako, idazlea ezin da lokartu.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo